Testua Josu Alberdi (BERRIA)
Tantak dira Espainiako Gobernuak 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakeraren inguruan argitaratutako dokumentuen itsasoan, baina badira Euskal Herriko egoerari erreferentzia egiten dieten zenbait testu. Agerikoena, aurrez ere jakina bazen ere, Antonio Tejero Guardia Zibileko teniente koronel kolpistak Euskal Herriko gatazka politikoaren inguruan zuen iritzia: Espainiako Gobernua ez zen behar beste egiten ari «terrorismoaren» kontra. Hain zuzen, urte luzez baliatu izan dute aitzakia hori kolpea defendatu dutenek.
Argitaratutako elkarrizketetan eta kolpearen inguruko txostenetan ez zaie erreferentzia adierazgarririk egiten Euskal Herriko egoera politikoari eta, zehatzago, ETAri. Halere, argitaratutako Guardia Zibilaren dokumentuen artean, bada euskal gatazkari zuzenean erreparatzen dion testu bat: «ETAren presentziak eragindako tentsio egoeraz Tejero teniente koronelak egindako ohar bat» aztertzen duen ofizio bat da, Guardia Zibileko 5. guneko buruzagitzak idatzia; egoitza Gasteizen zuen. 1975ekoa da, kolpea egin baino sei urte lehenagokoa. Orduan, Tejero Gasteizko komandantziako burua zen; aurrez Donostian ere egona zen.
Oinarria Tejerok egindako idatzi bat da —hura ez dago desklasifikatutakoen artean—. Itxuraz, hartan, Euskal Herriko egoeraz hark egindako interpretazioaren berri ematen zuen, «jendeak» esaten zizkionetatik eta guardia zibilen artean zabaltzen ari ziren usteetatik abiatuta, eta kexu azaltzen zen Adolfo Suarezen gobernuak «terrorismoaren» aurkako borrokan erakusten zuen «ahultasunagatik».
Guardia Zibilaren 5. guneko buruzagitzaren arabera, baina, Tejerok egoera «esajeratu» zuen agintarien arreta bereganatzeko asmoz. Are gehiago, zehazten du teniente koronelak «probintzia baskongadetako herritar batzuek segurtasun indarren artean eragiten duten giro oldarkorrak» bultzatuta egin zuela idatzia, «fede txarrik» gabe.
Horiek hala, ofizioan Tejeroren kontrako neurririk ez hartzearen alde egin zuten, ea hari kargu hartzea eta aurrerantzean haren jokabidea gainbegiratzea erabaki. Esan beharra dago, baina, hura Malagara (Espainia) lekualdatu aurretik zenbait aldiz zigortu zutela, Euskal Herrian zegoenean; besteak beste, ikurrinaren kontra azaltzeagatik eta ORTko militante Amparo Arangoaren aurkako tratu txarrak ezkutatzeagatik.
Denboran aurrera eginda, 1981eko otsailaren 23ra, badira elkarren jarraian gertatu ziren bi elkarrizketa. Lehenik, ustez Tejerok eta Juan Garcia Carresek hitz egin zuten —Carres ere zigortu zuten estatu kolpeagatik—. Ondoren, Garcia Carresek eta «beste pertsona batek». Bigarren elkarrizketan aipatzen da Tejeroren xedea zela «parlamentua desegin eta terrorismoa desagerraraziko duen batzorde militar bat sortzea». Beste dokumentu batean, berriz, «prozesu autonomikoa» etetea ere gehitu zieten helburu horiei.
Estatu-kolpe saiakerak Euskal Herrian izandako oihartzunaren parte bat ere jasotzen dute dokumentuek. Espainiako Poliziak desklasifikatutako hiru dokumentutan, otsailaren 24tik 26ra bitarte lurraldez lurralde bizi zen egoeraren berri ematen da: «zenbait alderdi politikok herritarrei lasai egoteko egindako deiak»; fabriketan egindako geldialdiak eta grebak; EMKk, Herri Batasunak eta beste zenbait eragilek egindako protestak… Esaterako: «LKIk manifestazio batera deitu du 19:30ean Donostiako Bulebarrean, Guardia Zibila desegitea eta armada garbitzea eskatzeko eta ezkerra mobilizatzeko», idatzi zuten otsailaren 24an. Hurrengo egunean, berriz: «Segurtasun indarren presentziak eragotzi egin du LKIk 19:30ean deitutako manifestazioa egitea».
Separatismoa, mehatxu
Argi dago, beraz, garai hartan Espainiako estatu egiturek adi-adi zeudela Euskal Herriko testuinguru politikoari. Hala antzeman daiteke Defentsa Ministerioak argitaratutako beste dokumentu batean ere. 1981eko martxoaren 9an ondutako barne mehatxuen inguruko seihileko txostenean adierazten da estatuak hiru arazo nagusi zituela garai hartan: «estatuaren egitura, terrorismoa eta ekonomia». Gainera, txosten haren atal handi bat «separatismoaren» egoeraren ingurukoa da. Hura da, ministerioko Informazio Zentro Nagusiaren arabera, «mehatxu garrantzitsuena» Espainiako Estatuarentzat, batez ere Euskal Herriari eta Kataluniari dagokienean.
Euskal Herriari erreparatuz, dokumentuan kezka azaltzen dute ETAren jardunarengatik, baina baita Herri Batasunak eta Euskadiko Ezkerrak herritarren artean duten babesagatik ere: «Garrantzitsua da azpimarratzea milioi laurden bat herritarrek aukera separatista iraultzaileen alde bozkatu dutela». Hala, zenbait hipotesi egin zituzten; besteak beste, bazitekeela Euskal Herrian «desobedientzia zibil orokortua» piztea edota «aldebakarreko independentzia adierazpen bat» egitea. Horrelakorik gertatzekotan armadak agian esku hartu beharko zuela gehitu zuten.




Deja un comentario