Orkoiengo Euskaltzaleak taldeko kidea da Aitor Zandueta. Uste du larunbateko erasoa «oldarraldi erreakzionario eta faxista» baten parte dela, eta kezka agertu du halakoak ez ote diren gehiagotan gertatuko. / Ion Orzaiz – BERRIA
Halako eraso bat pairatu duzuen lehen aldia izan da hau?
Bai. Herriko bizilagun talde batek herri inauteriak antolatzen ditu urtero, eta orain arte ez dugu arazorik izan. Azken urteetan, ahalegina egin dugu egitarauko ekitaldi guztiak ele biz antolatzeko, euskaraz eta gaztelaniaz. Eta aurten ere halaxe izan zen. Larunbat goizean, primeran joan zen dena: kalejira, mozorroak, txistor jatea… Arazoa gero heldu zen. Bazkalostean, DJaren emanaldian, bizilagun gazte bat ingurukoak zirikatzen hasi zen. Espainiako futbol selekzioaren kapela zeraman, eta DJa behartu nahi zuen hura janztera. Astun xamar jarri zen, baina jendeak paso egin zuen, eta, hortaz, gazteak alde egin zuen. Handik gutxira itzuli zen, Espainiako bandera bat zeramala. Inguruan ziren beste batzuk batu zitzaizkion, eta hor hasi ziren denak, Espainiako bandera astintzen. Eta euskarazko mezuren bat aditzen zuten aldiro, «que no se entiende!» oihukatzen zuten [ez da ulertzen]. Han ziren bizilagunak saiatu ziren jokabide horiei ezi kusiarena egiten, baina giroa berotuz joan zen pixkanaka.
Eta elektrotxarangaren emanaldian, eztanda egin zuen egoerak…
Hori da. Berriozarko Elektrotxarangakoak etorriak ziren kalean jotzera eta, dirudienez, Nafarroako bandera bat zeramaten, koroarik gabekoa. Horrek are gehiago sumindu zituen Espainiako banderarekin zebiltzanak, eta musikarien kontra oldartu ziren: inguratu zituzten, parean jartzeraino, eta haiek jipoitzeko ahalegina egin. Giroa izugarri mikaztu zen; elektrotxarangako kideetako batzuk, gainera, adingabeak ziren, eta gurasoak inguruan zebiltzan. Baten bati lepotik ere heldu omen zioten. Han ziren gurasoetako batzuek Foruzaingoari deitu zioten, eta foruzainak etortzearekin batera bukatu zen liskarra. Antolatzaileek bertan behera utzi zituzten arratsaldeko ekitaldi guztiak: kalejira, txokolate jatea eta zezensuzkoa.
Gertatutakoa larria dela salatu duzue.
Larria da, gertatu zenagatik, baina baita euskararen aurkako eraso zuzena izateagatik ere, eta etorkizunean izan ditzakeen ondorioengatik: zer gertatuko da datozen urteetako ospakizunetan? Jendeak euskarazko jardueretan parte hartzeari utziko dio beldurragatik? Aurrekari oso arriskutsua da.
Gertatutakoa salatuko duzue udalean?
Gaur dute osoko bilkura, eta ikusiko dugu talde politikoek zer edo zer esaten duten. Alkateak adierazpen bat argitaratu zuen, baina oso-oso epela eta zehaztugabea. Funtsean, justifikatu egin zuen gertatutakoa, eta «krispazio egoera orokor baten ondorio» zela azpimarratu. Ohar horretan ez zuen aipatzen nork egin zuen erasoa eta zergatik, eta, hain zuzen, udalaren politikaren aurka daudenak jo zituen erantzuletzat. Guretzat, erasoak justifikatzea eta normalizatzea da hori, eta gertakari larri bat norbere onurarako erabiltzen saiatzea. Oso kezkagarria da.
Euskararen aurkako eraso bat izan dela diozue, baina oldarraldi handiago baten parte dela.
Bai. Bizi dugun giro faxista eta oldarkor honen barruan gertatutako eraso bat izan da. Oraingoan euskaldunok pairatu dugu, baina beste batzuetan beste kolektibo batzuek sufritzen dituzte halakoak. Funtsean, intolerantzia adibide bat da.




Deja un comentario