1976ko martxoaren 3ko sarraskia Gasteizko memoria kolektiboan iltzatua dago, baina aurreko greba mugimenduaren oihartzuna askoz ezezagunagoa da. Bi hilabete eskasetan Gasteizko langile mugimenduak Sindikatu Bertikala arrakalatu eta Francoren osteko lehenengo gobernua kinka larrian jarri zuen.
Jon Martinez Larrea / ARGIA aldizkaria
Gasteiz irauli zuen hilabetetan luzatu zen greba mugimenduak. Aurreko urteetan pilatutako haserreak azaleratu ziren bat-batean, isilean egindako inurri lanari esker. Hiria erabat eraldatu zen denbora gutxian, eta langile klase berri batek bere protagonismoa aldarrikatu zuen. Urtarrilaren 9an Forjas Alavesaseko langileak grebara atera ziren, hurrengo egunetan lantegi ugari batu ziren: Mevosa, Apellaniz, Ugo, Aranzabal, Areitio, Aguraingo Orbegozo… Eskakizunak oso antzekoak ziren, besteak beste, 5.000 pezetako soldata igoera lineala, asteko 40 lan ordu, soldata osoa istripu edo gaixotasunaren kasuan, eta erretiroa 60 urterekin. Soldata igoera linealaren helburua langileen arteko arrakalak murriztea zen, igoera langile bakoitzaren soldata partikularraren ehuneko jakin bat izatekotan soldaten arteko aldeak handitu egiten baitira. Aldarrikapen horrek langile elkartasuna bultzatu zuen.
Zalantzarik gabe, greba mugimenduak hasieratik izaera politiko nabarmena izan zuen, besteak beste Sindikatu Bertikalaren errefusatzean islatu zena. Izaera politiko hori sakontzea ekarri zuen borrokak berak. Otsailaren hasieratik gatazka kaleetara zabaldu zen, eta istiluak ugaritu zirenean atxilotuen askatasuna eta kaleratuak lanpostuan berriz hartzea aurrebaldintza gisa ezarri zuten grebalariek, lan baldintzak negoziatzen hasteko.
40 urteko isiltasunaren ondoren, asanbladetako partaide askorentzako lehenengo aldia izan zen publikoki hitz egin edo eztabaidatzen zutena

Asanbladak borrokaren bilgunea izan ziren. Bertan, fabrikako arazoak eztabaidatzeaz gain, erabakiak hartu eta ordezkariak aukeratzen ziren. 40 urteko isiltasunaren ondoren, partaide askorentzako lehenengo aldia izan zen publikoki hitz egin edo eztabaidatzen zutena, eta horrela konturatu ziren interes komunak zituztela, baita sistema osoa zalantzan jarri ere. Inori itxoin gabe demokrazia praktikan jarri zuten, eta langile kontzientziazioak aurrerapauso itzela izan zuen.
Lantegietako ordezkariak Batzorde Ordezkatzaileetan biltzen ziren, eta organo hori ezinbestekoa izan zen borroka koordinatzeko, batasuna mantentzeko eta zuzendaritza politikoa eramateko. Dena dela, erabaki garrantzitsuak asanblada komunetan hartzen ziren, eta lantegi bakoitzeko asanbladak edozein unetan erabaki zezakeen bere ordezkaria lankide berri batengatik ordezkatzea.
Emakumeak greban: Areitioko borroka
1976ko greba, ordea, ezin da ulertu emakumeen parte hartzerik gabe. Alde batetik, gizon grebalarien bikotekideak antolatu ziren. Hasierako asmoa senarrak laguntzea bazuten ere, laster aldarrikapen propioak plazaratu zituzten. Asanbladetan parte hartzeaz gain, batzorde bat osatu eta erresistentzia kutxa bat eratu zuten. Kalera ere atera ziren, eta asteroko mobilizazioak egin zituzten poltsa hutsak eskuan, grebaren ondorioak ikustarazteko helburuarekin. Horrela, “etxekoandreen” rola irauli zuten, lan erreproduktiboa eremu pribatutik publikora eramanda.
.jpg)
Bestetik, lantegietako emakume langileak antolatu ziren. Kremailerak egiten zituen Areitio fabrikako borroka azpimarragarria da arlo horretan. Areitio anaiek enpresa Prado parkearen ondoan kokatu zuten 1947an. 700 langiletatik 500 emakumeak ziren, eta batzuek lana etxera ere eramaten zuten. Oro har, langileak oso gazteak ziren, eta ezkontzean enpresak ezkonsaria ordaintzen zien lana uzteko. Grebaren ostean desagertu zen hori.
Esther Ibarrolak, Pili Espinosak, Kontxi Sierrak, Maite Gonzalezek eta Feli Arregik Areition egin zuten lan, eta 50 urteen ostean bildu dira bizitakoa gogoratzeko. Lantegira 14 eta 18 urte arteko adinarekin sartu ziren, eta soldata osoa familiaren ekonomia sustengatzera bideratzen zuten. Arregik, esaterako, 14 urterekin lanean hasi behar izan zuen, ama alargundu ondoren.
1976koa ez zen izan lantegiko lehenbiziko borroka. 1974ko uda bukaera “beso erorien greba” egin zuten hainbat emakumek, hau da, lanpostuan geratu ziren, baina lan egin gabe. Jardunaldi jarraitua urte osoan mantentzea zen protestaren xedea.
«Haien legeak bidegabeak dira; beren interesak defendatzeko egiten dituzte. Ez diegu zertan obeditu» (Areitioko langileen asanblada)
Enpresak, ordea, errepresioarekin erantzun zuen, eta hiru langile, tartean, Sindikatu Bertikaleko bi jurado edo ordezkari, kaleratu zituen. Sindikatua kaleratzeak saihesten saiatu zen arren, enpresa irmo mantendu zen, kaleratuak “geldialdien erantzuleak” zirela eta neurria “diziplina mantentzeko” beharrezkoa zela argudiatuta. Espinosak atsekabez oroitu du ezin izan zutela ezer egin beren burua defendatzeko, ez zeudelako antolaturik.
1976ko hasieran, aldiz, gatazkak azaleratu ziren soldatak berrikusteko garaian; enpresak KPItik beheragoko portzentaje baten igoera besterik ez zuen eskaintzen, baina emakumeek ez zuten onartu. Jantokian biltzen hasi ziren, eta 5.000 pezeten igoera lineala eskatu zuten, horretarako 300 sinadura bilduta.
Urtarrilaren 21ean enpresa eta Sindikatu Bertikaleko ordezkariek bilera egin zuten, gizonezkoentzako %11ko igoera adostu zuten, baina emakumeentzat 1.200 pezetakoa baino ez. Hortaz, hurrengo egunean gelditzea erabaki zuten emakumeek. Greba hasteko “sugea” egin zuten, hau da, atal buruen presioak gainditu ostean, pabiloiz pabiloi ilaran paseatu ziren taldean eta sigi-sagan, suge bat gisan, jendea batzera animatuz.
.jpg)
Poliziak enpresa aurreko asanbladak galarazi ondoren, Koroatze elizan hasi ziren biltzen, eta gainontzeko enpresetakoak bezala Areitioko langileak ere Batzorde Ordezkatzaileetan sartu ziren, mugimendu orokorrarekin bat eginik. Espinosa eta Barriola ordezkariak izan ziren, eta Batzorde Ordezkatzaileetako barne giroa ona zela adierazita ere, ñabardurak egin dituzte: “Haiek gehiago hitz egiten zuten, gainera gizon horiek politikaz eta honen guztiaz bazekiten”, dio Ibarrolak; “Giroa agian pixka bat paternalista zen, zaindu egiten gintuzten pixka bat…”, gehitu du Espinosak.
Areitioko gizonezko langileei dagokienez, gutxiengo bat besterik ez zen grebara batu, eta horrek eztabaidak monopolizatu zituen askotan, emakume grebalariek oroitu dutenez. Urtarrilaren 28an, adibidez, eztabaida sutsua piztu zen, eta gizonek, lotsatuta zeudela onartu arren, lanera itzultzea erabaki zuten, gutxi zirela eta.
Dena den, hiru egun geroago horietako batzuk grebara batu ziren, tartean Atanasio Gainzarain Gainza anarkista beteranoa, Gerra Zibilean eta ostean hainbat kartzeletan egondakoa, beti emakumeen alboan egon zen. Berarekin batera, lankideek Dolores Riojaren papera ere azpimarratu dute, nagusia izanda erreferentea izan zelako gazteentzat.
Enpresa itxi zutenean gizonak asanbladara hurbildu ziren, baina emakumeen iritziz askoren asmoa zen giro nahastea edo enpresariei informazioa pasatzea. Iruzkin matxistak entzun zituztela gogoratu dute, hala nola, gizonezkoei lana kentzen ari zietela edo haien tokia sukaldea zela. Oro har, ez zuten emakumeen gidaritza onartzen.
Grebalariak konturatu ziren langile izateagatik soilik, emakume gisa ere zirela zapalduak. Areition “bi borroka izan ziren, langile borroka eta borroka feminista”, dio Espinosak. Soldata arrakala laster mahaigaineratu zuten. Enpresaren hastapenetan langile gehienak gizonak ziren, baina denborarekin hori aldatu zen, “emakumeen lana merkeagoa” zelako. Izan ere, lan berbera eginda ere emakumeek kategoria eta hortaz soldata baxuagoa zuten, 4.000 eta 6.000 pezeta arteko diferentziarekin. Horrez gain, hainbat gainsari zituzten, eta gizonenak finkoak ziren bitartean emakumeenak ekoizpenarekin lotuta zeuden. “Hau esplotazioa baino ez da”, ondorioztatu zuten.
Zalantzen aurrean eutsi
Greba luzatzeak zalantzak sortu zituen, asanbladen aktetan irakur daitekeenez. Otsailaren 7ko asanbladan adierazi zuten borroka gogorra zela, “baina bidezkoa den zerbaiten alde borrokatzen ari gara, eta horregatik merezi du. Ezin dugu geure burua beldurtzen edo zapaltzen utzi”.
Hasieran langile berriei lanean jarraitzea aholkatu zieten, behin behineko kontratua zutenez, lana galtzeko arriskuan zeudelako. Maite González greba hasi baino hamabi egun lehenago sartu zen Areition, eta lanera itzultzean oso gaizki pasa zuen. Dena den, greba luzatu ahala berriz ateratzea eskatu zieten. “Niretzat hori guztia, 15 urterekin, guztiz txundigarria izan zen”, azpimarratu du. Guztientzat esperientzia berria zen, aurretiko politizaziorik ez zutelako, baina beldurra gorabehera, aurrera jarraitu zuten.
Emakume batzuk lanera itzuli izana mingarria izan zen grebalarientzat: “Kolpe handia izan da askoren moralarentzat. Horregatik gogoratu dugu eskatzen ari garena bidezkoa dela, batuta jarraitu behar dugula, eta azken 15 egunetan lortu duguna alferrik ez galdu”. Hurrengo asanbladan feminismotik aztertu zuten egoera: “Nekatu nahi gaituzte (…) heldutasun falta dugulako, baina, batez ere, emakumeak garelako, horrek gure heziketarekin harremana du, baita gaur egungo errealitatearekin ere. Gutaz duten iritzia azaltzeko, hona hemen zuzendaritza taldeko kide batek esan zuena: ‘100 sartu izan balira [lanera], denak izango genituzke orain lantegian, emakumeen garunak 100 neska horiek jarraitzera bultzatzen baititu’».
Familien presioaren eta jasotako heziketaren eragina nabarmendu zuten beste akta batean. “Gizarteak aberats baten mentalitatearekin pentsatzera garamatza, baina bizitza osorako pobreziara kondenatzen gaitu”. Hortaz, borrokak, “zaila eta mingarria izanda ere, mentalizatzen gaitu, batzen gaitu eta bizi ditugun esplotazioak agerian uzten laguntzen digu”. Sistemaren mekanismoak zalantzan jarri zituzten, besteak beste Sindikatu Bertikala, Polizia eta prentsa. “Haiek gu zapaltzeko elkartzen dira, gu geure burua defendatzeko elkartzen gara. Haien legeak bidegabeak dira; beren interesak defendatzeko egiten dituzte. Ez diegu zertan obeditu”.
.jpg)
Emakume grebalariek hainbat ekintza egin zituzten. Esaterako, enpresaren ateetara hurbildu ziren piketean eta tentsio uneak sortu ziren eskirolekin, batez ere Poliziaren esku hartzearen ondorioz. “Usotxoak ateratzen dira” entzuten zuten halakoetan Poliziaren irratian. Usotxo. Horrela izendatu zituen Poliziak emakume borrokalariak. Istilu handiena eskirol baten senarra autoarekin piketearen aurka oldartu zenean piztu zen: lankide bat harrapatu ostean, “iletatik atera” zuten, gogoratu dute. Beste batean, grebalari baten nebak bere arreba jo zuen gupidarik gabe. Polizia armatua zen gizona.
Langileen talde bat Madrilera joan zen Angel Areitio enpresariarekin biltzeko. Hitz politak bota arren, gutxi egin zezakeela argudiatu zuen, enpresaren akzio gehienak Santander Bankuaren esku zeudelako.
Martxoak 3 eta ondoren
Martxoaren 3an, goizean, Poliziak Areitioko grebalarien asanblada galarazi zuen, eta langileak lantegiaren atzeko atetik atera ziren. Arratsaldez Ibarrolak eta Espinosak Batzorde Ordezkatzaileen bilera izan zuten, eta hura amaituta elizara hurbildu zirenerako Poliziak inguru guztia hartua zuen. Kontxi Sierra ere ezin izan zuen elizara gerturatu, baina senarra barruan zen; 50 urte pasata, oraindik ere hunkitu egiten da tiroz zaurituetako bat izan zela kontatzean.
Poliziaren goizeko kargak ikusita, aitak asanbladara joatea debekatu zion Gonzálezi, eta Poliziaren irratitik entzun zuen Zaramagan gertatzen ari zena. “Ez dakit zer izango zatekeen estugarriagoa, irratitik entzun nuen guztia entzutea edo han egotea”. Hildakoen artean zegoen Francisco Aznar, bere nebaren koadrilakoa, “hura jada erabateko hondoratzea izan zen”. Oro har, oso egun gogorra izan zela gogoratzen dute bost solaskideek. Hiletaren eguna ere gogoan dute, Areitioko grebalariek koroak eraman zituzten, eta “beldurra eta emozioa” nahasten zirela nabarmendu dute.
Sarraskiaren ostean enpresariak Batzorde Ordezkatzaileekin bildu ziren, akordioak lortu eta langileak lanera itzuli ziren. Areition egun bat geroago bueltatu ziren, lankide baten aitaren hileta dela kausa: alabaren atxiloketaren berri izan zuenean hil zen, sentitu zuen larritasunaren ondorioz. Solaskideek uste dute atxilotua Dolores Riojarekin nahastu zutela. Azkenean 3.000 pezetako igoera lineala, Batzorde Ordezkatzaileen onarpena, eta asanbladak egiteko eskubidea lortu zituzten Areition.
Grebaren ostean sentimenduak kontrajarriak ziren, eta grebalariek tentsio uneak bizi izan zituzten eskirolekin. Aktek jaso zuten asanbladetara jende gutxiago hurbiltzen zela, “agian, borroka aurrera eramateko moduan oso jarrera kontrajarriak daudelako, eta prestakuntza politiko egokia ez izateagatik, batzuetan nahasten gaituzte”. Bizitako guztia gogoan, lorpenetan jarri du azpimarra Espinosak: “Emakume modura, zerbait ireki izan balitz bezala sentitu nintzen. Ahaldundu ginen, hitz hori ez zen une horretan erabiltzen, baina tira (…) hemen gaude, erabaki dugu, entzun gaituzte…”.
Asanbladak Areitioko langileen erabakigunea izaten jarraitu zuen 1978ko hauteskunde sindikalak egin arte. Lantegiaren patua, ordea, ez zen erraza, eta 1980ko hamarkadatik aurrera jabeak langileei dirua eskaintzen hasi ziren lantaldea murrizteko asmoz. Azkenik, 2005ean itxi zuten betiko.
Gasteiz berria
Greba hilabeteen eta Martxoak 3aren ostean, hiria guztiz aldatuta zegoen. Ordaindutako prezioa oso garestia izan arren, langileek, borrokaren bidez, hainbat hobekuntza lortu zituzten. Gasteiztar heldu berri askorentzat borrokak langile kontzientziaren garapena eta hirian behin betiko integrazioa ekarri zuen, eta emakumeen kasuan ahalduntzea nabaria izan zen, asko haientzako ezarritako rolak birplanteatzera heldu baitziren.

Sindikatuen legeztatzearekin batera, ordea, Batzorde Ordezkatzaileak 1977ko hasieran desegin ziren. Baina asanblearismoa ez zen desagertu. 1980 urtera arte sindikatuen eta asanbladen arteko elkarbizitza eman zen hainbat adarretako negoziazioetan. Eta Michelin, Mercedes edo Forjas Alavesas bezalako enpresa handietan asanbladak erabakigune izaten jarraitu zuten hainbat urtez. Bestalde, Arabako sindikalgintzan ezker erradikalak indar handia eduki du.
Gerora Araban sortutako gizarte mugimenduetan ere 1976ko greba mugimenduaren eredua presente egon da. Askotan asanblearismoa ezinbesteko osagarria izan da, ez soilik antolatzeko orduan, identitate zeinu bezala ere bai. Modu batera edo bestera, Gasteizko gizartearen kontserbadurismoaren mitoa behin betiko desagertu zen, eta eraldaketa Arabako identitatean txertatu da. Hori dela eta, 50 urteren ostean Martxoak 3ko memoria hegemoniko bihurtu da, baina gatazkatsua izaten jarraitzen du.





Deja un comentario