Martxoaren 17an Greba Orokorra deitu dugu Euskal Herrian, aldarrikapen argi eta zehatz batekin: 1.500 euroko gutxieneko soldata “hemen”, Euskal Herrian, erabakitzea. Testuinguru oso gogor eta arriskutsu batean egiten dugun deialdia da eta horrek berak bihurtzen du ezinbesteko Greba Orokorra eta gizarte aktibazio zabala.
Eskuin muturraren gorakada
Testuinguru honetan, eskuin muturra indartzen eta hedatzen ari da mundu osoan: Trump, Milei, Bukele, Meloni, Le Pen, AfD, Orban, Vox, Aliança Catalana eta Euskal Herrian ere abertzaletasunaren inguruan ari dira sortzen mugimendu erreakzionarioak. Ez da fenomeno isolatua; pobretze orokorrak, ziurgabetasunak eta beldur sozialak elikatuta, egungo gizarte eta botere egitura mantendu nahi duen proiektu oso bat da.
Eskuin muturrak krisi ekonomiko, sozial, kultural eta identitarioa instrumentalizatzen du. Botere ekonomiko-finantzarioek eta eskuin muturrak, kontrolatzen dituzten komunikabideen laguntzarekin, errudun errazak seinalatzen dituzte: pertsona migratuak, emakumeak eta feminismoa, LGTBI pertsonak, ekologismoa, gazteak edota aniztasun funtzionala dutenak.
Helburua argia da: benetako erantzuleak —aberastasuna metatzen duten egiturak eta interesak— ezkutatzea, eta haserrea kolektibo ahulenen edota beraien proiektua ezbaian jar ditzaketen mugimenduen aurka bideratzea. Horrela, jarrera autoritarioak eta atzerakoiak normalizatzen dira, bazterketak areagotzeko, eskubideak murrizteko eta kontrol soziala handitzeko.
Horregatik, testuinguru honetan, gizarte aktibazioa eta Greba Orokorrak garrantzia berezia hartzen dute pobretzearen benetako arrazoiak eta arduradunak seinalatzeko, alternatibak eraikitzeko, burujabetzan aurrera egiteko eta gehiengo soziala aktibatzeko




Deja un comentario