Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) azken asteotan eskola, ikastetxe, ikastola eta unibertsitate batzordeen, kaleko lanaren eta ikasleen erakundeen bidez gauzatutako dinamika antifaxistarekin jarraitzeko asmoa du. Ikasle langileek faxismoaren aurkako borrokan lehen lerroan egon behar dutela uste duelako IAS. Hori dela bihar, otsailak 26, mobilizazioak burutuko ditu «Faxismoaren eta Inperialismoaren aurka mobilizatu» lelopean.

KOMUNIKATUA
Larunbatean 10.000 gazte langilek baino gehiagok faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka Bilbo eta Iruñeko kaleak hartu genituen. Kapitalismoa krisian baitago eta inperialismoa inoiz baino indartsuago; horren aurrean, elite ekonomikoak eta agintari politikoak faxismo berri bat artikulatzen eta estatuak militarizatzen ari direla salatu genuen.
Izan ere, faxismoan eta inperialismoan oinarritutako agenda bat ezarri digute krisiaren aterabide gisa, eta ondorioak uste baino azkarrago ari gara bizitzen. Alderdi politiko faxisten gorakada, kale mailako talde biolentoen ugaritzea eta gazteoi bideratutako propaganda erreakzionarioa: ideia matxisten zabalpena, arrazakeria, euskararen aurkako gorrotoa…
Bestalde, AEBK zuzenduta eta NATOk babestuta, eraso inperialistak areagotu egin dira eta gerra hotsak inoiz baino ozenago entzuten ditugu mendebaldeko herrialdeetan: soldaduzka, aurrekontu militarrak…
Trumpen gobernua dugu diogunaren adibide; alde batetik: Israel babesten dute, Venezuela erasotzen edota Iran mehatxatzen dute inpunitate osoz. Bestetik, etorkinen aurkako ehiza daramate ICEren eskutik aurrera, milaka atxiloketa eta bi erailketa gauzatuz dagoeneko.
Guk argi daukagu eredu hau sakontzeko nahiz hedatzeko etorri dela eta berandu izan baino lehen aurre egin behar diogula. Larunbatekoa mobilizazio garrantzitsua izan zen norabide horretan, dena ez dela erreakzioa erakutsi eta milaka gaztek datorrenari aurre egiteko prest gaudela adierazi baigenuen. Zentzu horretan, faxismoaren aurkako olatu hau ezin dela eten uste dugu; are gehiago, handitzen jarraitu behar duela, faxismoari eta agenda inperialistari zentimetro bat bera ere ezin diogulako utzi.
Horregatik, otsailaren 26an ikasle mobilizazioak antolatuko ditugu Euskal Herriko hiriburuetan, faxismoaren eta inperialismoaren aurka mobilizatu lemapean. Izan ere, azken asteetan ikastetxe zein unibertsitatetan komiteen, kaleko lanaren eta ikasle antolakuntzaren bitartez sortzen joan garen dinamika antifaxistari jarraipena ematea ezinbestekoa da, ikasle langileok faxismoaren aurkako borrokara batu behar gara. Palestinaren aldeko mobilizazio antiinperialistetan erakutsi genuen bezala, ikasle langileok, orain, faxismoaren eta inperialismoaren aurkako olatu berri hau bultzatu behar dugu.
Bide horretan, komiteak antolatzen jarraituko dugu bigarren hezkuntza, lanbide heziketa eta unibertsitateetan, eta dei internazional bat egin nahi genieke gainontzeko herrialdetako ikasleei, faxismoaren eta inperialismoaren aurkako borrokara batu daitezen.
Norabide berean kokatzen dugu abenduan martxoaren 3rako antolatu genuen Gasteiz mailako ikasle greba ere. Faxismoa ez delako iraganeko auzi soil bat, eta atzo egin zutenengatik, gaur eta beti faxismoari aurre egin behar diogu.
Amaitzeko, orain ikasle langileon unea dela esan nahi dugu, ikasle langileok borrokara batzeko unea, historian zehar eta mundu osoan zehar egin bezala, ikasleok faxismoaren eta inperialismoaren aurkako borrokan lehen lerroa hartu behar dugu. Beraz, otsailaren 26an kaleak hartu eta faxismoari eta agenda inperialistaren aurka borrokatuko dugu.
Dei egiten diegu Euskal Herriko ikasleei komiteetan eta mobilizazioetan parte-hartzera.
Faxismoaren eta inperialismoaren aurka O-26 mobilizatu!
Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS)




Deja un comentario