Joan den abenduan, polizia-indarkeriaren lekukotzak biltzen dituen Txago kolektiboak, duela bi urte grabatutako bideoa zabaldu zuen Instagramen, non ikus daitekeen Donostiako udaltzain batek dozena erdi kolpe baino gehiago ematen dizkiola lurrean dagoen migratzaile bati, beste bi agenteek «ezer ere egiten ez duten bitartean», LABek salatu duenez. Antiguako Zubimusu parkean daude grabatuta irudiok. «Joan den hilean, Donostiako Udalak migratzailea neurrigabe jipoitu zuen udaltzain hori bera ofizial-orde izendatu zuen», jakinarazi du LABek. «Nola uler daiteke horrelakorik?».

ARGIA aldizkaria

«Gertakari larri horiek, Udalak eta Udaltzaingoaren jefaturak ezagutzen zituztenak, ez al dira nahikoa oztopo izan udaltzain hori ofizial-orde bihurtzeko?», galdetu du LABek, ARGIAri helarazitako oharrean. Sindikatuak azaldu duenez, udaleko iturriek adierazi zuten migratzaileak gainean zuen udaltzainari hozka egin ziola hankan, eta horregatik jipoitu zuela hark. «Esan beharrik ez dago gertakari batek ez duela bestea justifikatzen. Bere egunean, Udalak eta Jefaturak bideoa ikusi zutenean, larriturik, neurri administratiboak hartu zituzten, baina jipoitutako migratzaileak salaketarik jarri ez zuenez, gaia artxibatu zuten. Pentsatzekoa da, jaso zuen jipoia jasota, migratzaileak ez zuela salaketarik jartzeko inolako gogo ala ausardiarik izan». LABek nabarmendu du hau guztia jakin dela kalean zihoan herritar ezezagun batek gertakaria filmatu eta sarean jarri zuelako. «Udalak eta Jefaturak bazuten gertatutakoaren berri, baina isiltzea erabaki zuten orduan, eta udaltzain hori bera ofizial-orde izendatzea onartu dute orain».

«Politikoki onartezina da»

LABek gaineratu du gaia Donostiako Langileen Batzordera, komitera, eraman dutela, salaketa «langile guztion ordezkari guztiekin» elkarturik egiteko, baina ez dela posible izan. «Besteek ez dute horretarako baiezkorik eman. Horregatik, bakarrik bada ere, salaketa honekin aurrera egitea erabaki dugu».

«Gure ustez, Polizia Indarren Zigor Erregimena zuzentzen duen maiatzaren 3ko 170/1994 Dekretuaren Erreglamenduko 10.5 artikuluaren arabera, udaltzain horren jokabidea oker larritzat jo behar da, besteak beste, guztiz neurrigabe eta arrazoirik gabea izan zelako», dio sindikatuak. «Baina ez da hala izan». 

«Donostiako Udalak udaltzain hori ofizial-orde izendatu izana legezkoa dela ez dugu zalantzan jartzen, batez ere eginiko ibilbidearen argitan», azaldu du LABek. «Baina politikoki onartezina da. Horrelako jokabidea duten udaltzainek ez lukete barne sustapenean jefaturara iristeko aukerarik izan behar, herritarren, migratzaileen eta Donostiaren onerako».

Deja un comentario

Tendencias