12:30ean Gasteizko campusean agerraldia egin zuen atzo VOX alderdi ultraeskuindarrak otsailaren 23an, Antonio Tejero guardia zibil eta militarrak egindako estatu kolpe saiakeraren 45. urteurrenean.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Errektoretza Taldeak goizeko 8:00etatik aurrera campusa hutsik egotea eta jarduera telematikoa izan zedin agindua zuen. EHUko ikasle kontseiluaren babesa izan du erabakiak.

Neurriarekiko kontrakotasuna adierazteko mobilizazioak deitu zituzten alde batetik LAB, Steilas eta ELA sindikatuek eta beste alde batetik Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS).

EHUko errektoreak, deialdien ondoren, adierazi zuen dozentzia bermatu zela eta ez zela intzidentziarik izan: «Hartutako neurriak egokiak eta eraginkorrak izan dira, eta ikusi dugun bezala, ez da inolako istilurik izan. Vox alderdiak campusa hutsik topatu du, ez ordea geldirik. Uste dugu, gainera, unibertsitatearen baloreen kontra doazen mezu totalitaristei jarritako osasun hesi modura ere funtzionatu duela”.  

Andre Maria Zuriaren plaza izan zen LAB, Steilas eta ELA sindikatuen topagune 11:00etan. “Eskuin muturrak sustatzen dituen diskurtso espainolista, supremazista, klasista, xenofobo, matxista eta euskarafoboei” aurre egiteko bildu ziren Faxismoaren aurrean, Euskal Herria antirrazista, feminista eta euskalduna! lelopean.

12:00etan batu ziren ehundaka ikasle antifaxista IAS-eko kideak Gasteizko campusean Faxismoa borrokatu lelopean. Euskal Irrati Telebistaren (EITB) datuen arabera 400 bat ikasle batu dira. Voxen ekitaldian berriz 20 bat kide bakarrik elkartu ziren.

VOXeko kideek “probokazio” jarrera hartu zuten: campuseko hainbat pankarta kendu zituzten, horien artean 1976ko Martxoaren 3ko hilketen omenezko manifestazioetara deitzen zutenak; ertzainez babestuta argazkiak atera zituzten antifaxisten aurrean; “viva España” oihukatuz ibili ziren, eta neofaxista batek parean zituen ikasleak iraindu zituen. 

Ertzaintzak eremua hesitu zuen goizeko lehen ordutik, bi ekitaldiak bereizteko helburuarekin. Brigada Mugikor-reko dozena erdi furgoneta baino gehiago eraman zituzten lur azpiko kontrolak jartzeko, kazetari eta argazkilariak gerturatzea eragozteko, droneekin gunea kontrolatzeko eta inguruko jendea identifikatzeko.

Deja un comentario

Tendencias