Beñat Fernandez / GEDAR Langile kazeta

Urtarrilaren 31n 10.000 pertsona bildu ginen Iruñea eta Bilboko karriketan faxismoa eta autoritarismoaren aurka. Geroztik hiru aste baizik pasatu ez badira ere, bertan erran zirenen gaurkotasuna argi agertu da. Erreakzioa aitzinera doa eta militantzia konprometituak baizik ezingo dio aurre egin.

Urtarrilaren bukaeran, Baionako hauteskunde munizipaletan aurkezten den hautagai ultraeskuindarra kanporatu zuten antifaxistek merkatutik, besteak beste irina botaz. Aste batzuetara egin zen publiko salaketa bat jarri zuela eta ikerketa martxan dela. Gertakaria aski ohikoa izan badaiteke ere, erreakzio bat ekarri nahiko nuke hona, Baiona Mugimenduan taldeko Didier Damestoy hautagaiarena. EH Bai, EELV, Generations eta beste hainbat alderdik babesten duten ezkerreko zerrendako hautagai honek eskuin muturreko hautagaiarentzat propaganda egiteko eskubidea aldarrikatu zuen, eta militante antifaxisten biolentzia kondenatu. Erran beharrik ez da adierazpen horiek faxismoa normalizatu eta antifaxismoa kriminalizatzea beste ondoriorik ez dutela.

Ondotik, Hazparneko Ihauterien inguruan sortu zen polemika. Bertan, Bardella RNko buruaren itxura zuen Zanpantzarra erre zen, eta irudiak Frantziako Estatu osoan hedatu ziren ezker muturra kriminalizatuz eta eskuin muturra zurituz. Kasu honetan ere ikerketa irekia da eta errepresioa oso posible. Eskuin muturreko hautagaiak ukiezinak dira, baita Ihauterien testuinguruan ere, eta botere mediatikoak jadanik egina du Poliziaren lana.

Azkenik, Frantziari begira, Lyongo gertakariek hartu dute toki guztia. Lyonen, faxistek ezkerreko ekitaldi bati eraso zioten; antifaxistek erantzun, eta borrokan militante faxista bat hil zen. Ondotik antifaxismoa eta ezkerraren kontrako ofentsiba handia ikusi dugu zuzenean, hamarnaka pertsonaren datuak hedatuz eta haien taldeak kriminalizatuz. Borrokaren harira atxiloturiko militanteak LFIrekin lotura dutela-eta, atxilotuetako bat LFIko diputatu baten laguntzailea baitzen, kriminalizazio-kanpaina alderdi elektoralak ere jasan behar izan du. Azken egunetan faxisten erasoak jasan behar izan dituzte, bonba alerta faltsu bat eta egoitza politikoen seinalamenduak adibidez. Jazarpen horren harira LFIk babesa jaso baldin badu ere, kale-mailan faxismoari aurre egiten dioten eta errepresioa zuzenean jasaten ari diren antifaxistak erabat babesgabe gelditu dira, ia inongo sustengu politiko eta mediatikorik gabe. Noski, LFIko buruek ez dute inongo dudarik egin borrokan parte hartu zutenenengandik desmarkatzeko. Haien buruak eta hurrengo hauteskundeetako emaitzak salbatzearen izenean hurbil zituzten kideak bakarrik utzi dituzte, maila publikoan bederen.

Manifestazio jendetsuetan GKSk adierazi bezala, bi egiteko nagusi ditugu faxismoari benetan aurre egin nahi badiogu. Batetik, militantzia diziplinatu eta argitasun ideologikoan oinarrituko diren antolakunde komunistak sortu eta hedatu behar ditugu. Bestetik, eta antolakunde horien bidez, estatuen autoritarismoaren aurkako langile-fronte zabal bat eraiki behar dugu Europa osoan. Fronte horrek soilik egin liezaioke aurre ofentsiba erreakzionarioari maila guztietan, ideologikoki eta kalean. Faxismoari aurre egiteagatik errepresioa jasaten dutenekin elkartasuna antolatu behar dugu eta krisiari aterabidea eman diezaiokeen proiektu iraultzailea hedatu. Noski, fronte horrek ezker erreformistarekiko independentzia beharrezkoa du. Disoziazioa eta kriminalizazioa ez dira kasualitatea, erreformismoaren estrategiaren ezinbesteko ondorioak baizik. Sozialdemokraziak argi du nola eta norekin egin nahi duen politika; guk ere argi ukan behar dugu.

Hiru aste hauetan ikusi den bezala, oligarkiak ez du denborarik galtzen eta ofentsiba autoritarioa aurrera doa. Guk ere hobe izanen dugu denborarik ez galtzea.

Deja un comentario

Tendencias