GEDAR Langile kazeta-ren editoriala
Hautsak harrotu ditu Frantziako gazte neonazi baten heriotzak. Argazki batzuetan pistola batekin eta esbastikarekin ageri den gaztea borroka batean hil zen, Palestinaren aldeko ekitaldi bat txikitzera zihoala, antifaxistek aurre egin ziotenean. Pentsatzekoa zen bezala, Europa osoko faxista eta ultraeskuindarrek heroitzat hartu dute gizona, baita biktimatzat ere. Bien bitartean, moderazioaren izenean aritzen diren baina eskuinetik ezkerretik baino askoz ere gertuago dauden demokratek antifaxismoa kriminalizatzeari ekin diote. Antifaxismoa zaurgarritasun-egoeran dago une honetan, faxisten erantzunen eta estatuaren kriminalizazioaren mende.
Melenchonen alderdiaren ekitaldi bati erasotzera zihoazen faxistak. Eta antifaxista talde batek hori ekiditeko sortu ziren liskarretan gertatu zen heriotza. Melenchonek nahiago izan du, bere ekitaldia babesten ari ziren antifaxistak defendatzea baino, haiengandik urruntzea, kriminalizazioari bide eginez. Sozialdemokraziarekin ez dago fidatzerik. Horrelakoetan garbi geratzen da, gainera, zentro-liberaleko alderdiak askoz ere gertuago daudela faxismotik antifaxismotik baino. Azken horren kriminalizazioari eskaintzen dioten denboraren erdia faxismoari kontra egiten emango balute, beste egoera batean geundeke ziur. Liberalismoak eta faxismoak bat egiten dute kapitalismoaren defentsan, baita antikapitalismoaren aurkako errepresioan ere. Era berean, jakinekoa da sozialdemokraziaren zein eskuin liberalaren eskutik faxismoa hazi baino ez dela egin.
Zer ordezkatzen du faxismoak eta zer antifaxismoak? Ideia bat egiteko, Lyongo faxistak Palestinaren aldeko ekitaldi baten aurka egitera zihoazen. Palestinan, azken hiru urteetan, 70.000 pertsona inguru akabatu dituzte sionistek. Hori nahikoa ez eta faxistek, indarraren bidez, Palestinari elkartasuna adieraztea ekidin nahi zuten. Faxismoa kapitalismoaren aurpegi gordinena da; langileen aurka, emakumeen aurka, etorkinen aurka. Kaleko antifaxismoa, aldiz, lehenengoaren biolentziari aurre egiten dioten taldeek osatzen dute, estatuak mugimendu antikapitalistak babesgabe utziko dituelako jakitun. Antifaxismoak, faxismoaren erasoaldiaren aurrean, langileon eskubideak defendatzen ditu; antolatzeko eta mobilizatzeko eskubideak, besteak beste. Biolentzia faxistari estatuek ez diote jaramonik egiten, eta are: hainbat kasutan, berau babesten dute. Horrenbestez, antifaxismoa langileontzat beharrezko tresna da, gure burua defendatu nahi badugu behintzat.
Elkartasuna adierazten diogu Frantziako Estatuko antifaxismoari, baita Europa guztikoari ere. Ez baita erraza faxismoaren oldarraldiari aurre egitea antifaxismoa gutxiengoan dagoen lekuetan. Euskal Herrian faxismoaren mehatxua geroz eta nabarmenagoa bada ere, gure egoera ez dago alderatzerik Europako herrialde askotan dagoenarekin. Balentria hori guztia eredu da guretzako. Egunen batean irabazten badugu, une zail hauetan aurpegia emateko prest egon zineten guztiei eskerrak izango da.





Deja un comentario