GEDAR langile kazeta

Greziako, Alemaniako, Danimarkako, Herbehereetako eta Austriako gobernuek pertsona etorkinentzako deportazio-zentroak sortu nahi dituzte Afrikan, Greziako Migrazio eta Asilo ministro Thanos Plevrisek ERT irrati publikoan azaldu duenez. Helburua da Europar Batasunean asilo-eskaera atzera bota zaien baina jatorrizko herrialdeetara bidali ezin dituzten pertsonak instalazio horietara eramatea. Plevrisen esanetan, beste lau herrialde europarretako homologoekin bilerak egin ditu jada, eta «talde teknikoak» datorren astean bilduko dira planarekin aurrera egiteko.

Europako Parlamentuak datozen hilabeteetan deportazioei buruzko araudi berria bozkatzen duenerako, prest izan nahi dute zentro horiek martxan jartzeko bide-orria. Europako Batzordeak proposamen bat aurkeztu zuen 2025eko martxoan, 2008ko Itzulera Zuzentarauaren ordez, pertsona etorkinak kanporatzeko sistema komun «azkarrago, sinpleago eta eraginkorrago» bat ezartzeko, testu ofizialaren arabera. Araudia onartuko balitz, 2026aren erdialdean hasiko litzateke aplikatzen. Plevrisek seinalatu du «arazo bat» dagoela Europa osoko deportazioekin, eta zentro horien sorrerak «disuasio-faktore gisa» funtzionatuko lukeela etorkizuneko pertsona etorkinentzat.

Inplikatutako bost herrialdeak elkarrizketak izaten ari dira «Afrikako hirugarren herrialdeekin», kontzentrazio-esparru horiek ezartzea ahalbidetuko duten akordioak lortzeko asmoz. Greziako ministroaren arabera, herrialde horietako «handienek» gidatzen dituzte negoziazioak, zein herrialdetakoak diren zehaztu ez duen arren. Gaur egun, Greziak 5.000 eta 7.000 deportazio artean egiten ditu urtean, eta 40.000 eta 50.000 pertsona bitartean iristen dira herrialdera, datu ofizialek diotenez. Horietatik erdiek bakarrik lortzen dute nazioarteko babesa. Zifrek erakusten dute, hala, Europako gobernuek mugak urrunduta eta erantzukizunak Afrikako herrialdeen esku utzita kudeatu nahi dutela giza-drama bat.

Hirugarren herrialdeetan «itzulera-zentroak» eraikitzeko proposamena beste urrats bat da Batasunak duela urte batzuetatik aplikatzen duen politikan. Izan ere, ordaindu egiten diete jatorrizko herrialdeei eta migrazio-igarobide gisa funtzionatzen duten herrialdeei, migrazio-fluxuei aurre egin eta euste-lanak egin ditzaten, funtsen edo merkataritza-akordioen truke. Batasuneko Schengen eremuan entseatzen ari diren jokabide horrek, baina, ekidin egiten ditu Europako estatuek beren lurraldean dituzten betebehar legalak eta bermatu beharko lituzketen asilo-prozedurak. Horrekin, gainera, asilo-eskubidea ukatzen zaien pertsonen atxikitzaile huts bihurtzen dituzte Afrikako herrialdeak.

Europako gobernuak beren mugak blindatzeko eta kanporatzeak «eraginkorragoak» izateko koordinatzen diren bitartean, pertsona migratzaileek eta errefuxiatuek eskubideen urraketa sistematikoaren katebegirik ahulena izaten jarraituko dute. Ekimen berria joera hori sakontzera baino ez dator.

Deja un comentario

Tendencias