Jordan Bardellaren itxura izan dezakeen Zanpartzar erre zuten Hazparneko ihauterietan. Bideoa anitz hedatu da sare sozialetan, eta eskuin muturreko zenbait hautetsik gaitzetsi egin dute. Baionako prokuradoreak ikerketa bat martxan jarri du.

Ihauterietan erabat murgilduta dago Euskal Herri osoa, baita Lapurdi ere. Hala, neguko gaitz guziak islatzen dituen Zanpantzar pertsonaiari su ematen zaio hainbat herritan, eta bide batez, udaberriari ongietorria ere egiten zaio. Bada, Hazparneko ihauteetako Zanpantzar zuri, gorri eta urdinez jantzia zen, eta ‘I love Marine’ idatzia zuen besokoa zeraman. 

Zanpantzar erretzen ari zen bideo batek oihartzun handia izan du sare sozialetan, Batasun Nazionaleko ordezkari batzuengana iritsi eta X, Facebook eta Instagram sareen bidez hedatu baitute. Horren ondorioz, Baionako prokuradoreak ikerketa bat ireki zuen atzo, hilaren 12an, eta Baionako Jendarmeriaren brigadaren esku utzi du. Honako arau hauste hauek aztertuko ditu: agintari publiko batekiko laidoak, iritzi politikoengatik pertsona edo talde baten aurkako delituak edo indarkeriaren kitzikapen publikoa, eta kargu publiko baten aurkako krimen edo delitu bat egiteko mehatxua. 

Kexu handia adierazi dute Batasun Nazionaleko ordezkariek. Besteak beste, Phillipe Ballard alderdiko bozeramaile eta diputatuak «herra politikoa eta bortizkeriaren banalizazioa» salatu ditu. Halaber, Edwige Diazek, BNaren Akitania Berriko lehendakari eta diputatuak, 2024ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan Hazparnen Bardella gailendu zela oroitarazi du, «bortizkera hori demokraziaren aurkako eraso zuzena» dela azpimarratuz. Mathieu Valet alderdiaren eledun eta eurodipatatuak ere bazuen zer erran: Zanpantzarren erretzea ezker muturrarentzat bortizkeria erabiltzeko aitzakia dela iruditzen zaio.

Finean, eskuin muturreko alderdiko kideek agerian utzi dute Euskal Herriko errituekiko ezagutza falta. Dena dela, ez da Zanpantzarren erreketak hautsak harrotu dituen lehen aldia: 2016an Donibane Lohizunen Marc Aillet apezpikuaren irudiko Zanpantzarren erreketak ere ika-mika sortu zuen.

Deja un comentario

Tendencias