Alaia Sierra / GARA-NAIZ
Bi ekitaldi izango dira, 50. urteurrenean, Gasteizko San Frantzisko elizan Polizia espainolak hildako bost langileen omenez. “M3moria, antolakuntza, borroka” lelopean egingo dute mobilizazioa, «egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea» defendatzeko.
Horren berri emateko, prentsaurrekoa egin zuten atzo Zaramagako eliza atarian Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, ESK sindikatuko Javier Saenzek eta Steilaseko Oihana Saenz del Castillok eta Martxoak 3 elkarteko Jose Luis Martinez Ociok.
Martxoaren 3an, 17.00etan, sarraskiaren oroimenezko monolitoan hildakoei omenaldia egingo zaiela iragarri zuten. Ordu horretan hautsi zuen Polizia espainolak 1976ko langileen batzarra. Ekitaldian garrantzi berezia izango dute monolitoa eta bere plaka jarri zuten langileek, «gaur egun haien kemenari esker existitzen dela gogoratzeko».
Izan ere, nabarmendu zutenez, «orain erakunde guztiek argazkia bertan ateratzen badute ere, behin eta berriz kendu zuten [eskultura] eta ondoren biktimek izan zuten ahanztura instituzional bera jasan zuten».
Gero, 18.30ean, Katedral Berriaren eta Andre Maria Zuriaren Plazaren arteko tartea hartuko du aldarrikapenak. Katedralean 1976ko hiletak oroituko dituzte eta «herri mobilizazio handi baten» ostean plaza hartuko dute, ekitaldi nagusia egiteko, Martxoaren 3arekin konprometitutako artisten emanaldiekin.
MOBILIZAZIO ZIKLOA
Aurtengo Martxoaren 3a «mobilizazio ziklo zabal eta beharrezko batean» kokatuta dagoela azpimarratu zuten prentsaurrekoan. Hala, Martxoaren 8a aipatu zuten: «Beste urte batez kalera aterako gara sistema kapitalista, patriarkal eta kolonialak emakumeen bizitza nola prekarizatzen duen salatzeko».
Martxoaren 17an, berriz, «langile guztientzako gutxieneko soldata duinak eta aberastasunaren banaketa justuagoa exijitzeko» greba orokorra deituta dago. «Orduan bezala, inork ez digu ezer oparituko; horrela, Hego Euskal Herriko gobernuek eta patronalek jarrera bateratua erakutsi dute, lan prekaritate muturrekoena pairatzen duten pertsonen bizi-baldintzak hobetzearen kontra eta gutxi batzuen pribilegioen alde», adierazi zuten.
Gainera, «1976ko langile borroketan protagonista izan zirenak pentsio duinak eskatzeko astelehenero kalera ateratzen hasi zirenetik» zortzi urte bete direla azpimarratu zuten.
«OROIMENEAN GRABATUTA»
Mobilizazioa «euskal langileriaren oroimenean grabatuta» geratzea espero dute. Argi utzi zuten «anitza, herrikoia eta belaunaldiartekoa» izango dela, «espazio segurua».
«Ertzaintzari bermeak eta beharrezkoak diren barne neurriak har ditzala eskatu diogu, parte-hartze aske, masibo eta indarkeriarik gabekoa ziurtatzeko, eta beste urte batzuetako polizia jarduerak ezin direla errepikatu adierazi diogu», jakinarazi zuten.





Deja un comentario