GARA-NAIZ

Amerikako Estatu Batuetako (AEB) Idaho estatuan euskal jatorriko biztanle ugari bizi dira eta Boise hirian Jaialdia ospatu ohi dute diasporaren euskal nortasuna aldarrikatzeko. Horrelakoetan, noski, ikurrinak protagonismo handia dauka eta Boiseko udaletxean jartzeko ohitura dute. Orain, berriz, hori debekatzeko egitasmoa jarri dute martxan Idaho estatuko Ordezkarien Ganberan.

Afera ez da sortu Donald Trump presidentearen alderdi errepublikanoak ikurrinari berezko gorrotoa diolako. Lauren McLean Boiseko alkate demokratak LGTBIQ+ bandera jarri zuen udaletxean. Trumpen aldekoak haserrearazi zituen horrek eta eraikin ofizialetan zein bandera jarri ahalko diren arautuko duen legea bultzatzeari ekin zioten. Gauzak horrela, LGTBIQ+ banderaren kontra ez ezik, beste ikur batzuen kontra ere egin zuten trumpistek. Horien artean ikurrinaren debekua eskatzen du Ted Hill hautetsi errepublikanoak bultzatzen duen egitasmoak.

«Estatu bateko bandera ez denez, ez da egokia ikurrina eraikin ofizialetan paratzea. Palestinako bandera ere ez da zilegi», nabarmendu zuen Hillek egitasmoari buruzko eztabaida batean.

«Ikurrina legez kanpokoa da Espainian. Euskal lurraldean izana naiz; denbora dezente eman nuen han. ETA zegoen bertan eta ikurrina zen erabiltzen zuten bandera», gaineratu zuen Hillek Trump presidentearen ildotik, ikurrina «bandera iraultzailetzat» joz.

Demokratek, berriz, Anne Haws ordezkarien ahotik, Boiseko Jaialdian ikurrina aspalditik normaltasunez erabili izan dela eta Euskal Herritik joaten diren ordezkariak jasotzeko modua dela gogorarazi zien errepublikanoei. Horrekin batera, Idahon bizi diren euskal jatorriko biztanleak omentzeko era dela nabarmendu zuen Hawsek.

Hautetsi demokratak ikurrina bandera ofiziala dela oroitarazi zien Trumpen aldekoei; EAEkoa, alegia.

Deja un comentario

Tendencias