1936ko Gerraren 90. urteurren tristea izango da 2026an. Zauriz, orbanez eta zuloz jositako historia da, artean kontatu gabeko parteak asko direla uste baitute historialariek. Horietako bat da internazionalistena: 175 boluntario baino gehiago iritsi ziren Gipuzkoara faxismoari kontra egitera.

Amagoia Mujika / GAUR 8

1936ko Gerraren 90. urteurrena beteko da aurten, hasi berria den 2026. urtean. Oraindik pieza asko daude dagokien tokian jarri gabe. Zuloak ditu kontakizunaren puzzleak eta dagoeneko ezinezkoa izango da pieza horietako batzuk kokatzea. Betirako isildu dira gerraren latza azalean sufritu zuten herritar gehienak. Baina historialariek zorrotz jarraitzen dute ikerketan eta lanean, historia erpin desberdinetatik idatzi beharrarekin tematuta.

Horren adibide da Aitor Azurki kazetariak eta Aitzol Arroyo historialariak azken bi urteotan egin duten ikerketa. 2026. urte honetan ikusiko du argia ikerketaren mamia jasoko duen liburuak. Ikerketa-liburu horrek kontatuko du nola 1936ko abuztuan, 175 borrokalari atzerritar baino gehiago iritsi ziren Gipuzkoara faxismoari aurre egitera. «Hauek izan ziren modu antolatuan borrokara sartu ziren lehen nazioarteko borrokalariak espainiar Estatuko lurraldean, Nazioarteko Brigadak ofizialki sortu baino hilabete batzuk lehenago». Hartara, Nazioarteko Brigaden lehen txispa izan zela ulertzen dute ikertzaileek. 1936ko Gerran Euskal Herrira faxismoari aurre egitera etorri ziren internazionalistak bistara ekartzeko ahalegina da Azurki eta Arroyorena, historiografia ofizialak apenas ikertu duelako borrokalari horien ekarpena eta aitortza merezi dutela ulertzen dutelako.

«Bere garaian Miguel Usabiagak liburu bat idatzi zuen: ‘Flores de la República’ izenekoa. Eleberri bat da, baina gertakari historikoetan oinarrituta dago. Liburu horretan internazionalisten inguruko aipuak agertzen dira eta hor jada niri alarma moduko bat piztu zitzaidan. Gai oso indartsua iruditu zitzaidan eta gutxi jorratutakoa», kontatu du Aitor Azurki kazetariak. Jakin-min hori partekatu zuen Aitzol Arroyo historialariarekin eta 2019. urtean erakusketa bat antolatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Salamancako artxiboan aritu ziren erakusketa horretarako informazioa ikertzen eta, zeharka, 15-20 bat izen jarri zituzten mahai gainean, guztiak atzerritik Gipuzkoara boluntario etorriak faxismoari hortzak erakustera.

Gaiak jakin-mina eta ikertzeko gogoa sortu zien ikertzaileei eta grina horrekin zeudela iritsi zen haien eskuetara Estera Zilberberd Estoucha internazionalistari buruzko liburua, haren seme George Waysandek idatzia. «Momentuz dokumentatuta daukagun emakume bakarra da, 1936ko Gerran Euskal Herrira etorritakoa nazioarteko borrokalari bezala».

Estoucha, Abram Gostynskirekin batera, medikuntza ikasten ari zen Belgikan. 1936ko Espainiako estatu kolpea gertatu zenean 24 urte zituen eta boluntarioak eskatu zituztenean, eskua altxa, dena atzean utzi eta gerrara abiatu zen. Hendaiara iritsi zen trenez, Gostynskirekin eta beste zortzi boluntarioarekin batera. Abuztuaren 12an iritsi ziren Euskal Herrira, metrailadoreak eta botikak aldean hartuta. Hendaiatik barna sartu ziren Irunera. Armak eta botikak zuzenean frontera sartu zituzten.

Estera Zilberberd «Estoucha». 1936an Medikuntza ikasten ari zen Belgikan eta boluntario etorri zen Euskal Herrira faxismoari aurre egitera. (GAUR8)

«Harri eta zur geratu nintzen. Zer-nolako ibilbidea dauka emakume honek? Eta hor esan nuen, hau da iturburua. Horri helduta atera behar dugu zeintzuk ziren gizon emakumezko horiek. Horrela hasi ginen ikerketa egiten. Estoucharen berri irakurri genuenean, konturatu ginen hor bazegoela mamia, bazela zer kontatua», esan du Azurkik. Hain justu, martxan daude Estouchari buruzko dokumentala eta bere semeak idatzitako liburua euskarara ekartzeko proiektua. Azurki eta Arroyo daude bi egitasmo horien atzean eta biak epe motzean jendarteratzea espero dute.

175 INTERNAZIONALISTATIK GORA

«Internazionalistena Euskal Herrian ahanzturan utzi diren kolektibo nagusienetakoa da. Azken finean, kanpotik etorri ziren eta ez zeuden Euskal Herrian sustraituak. Orain arte dagoen bakarra aipu bakan batzuk dira. Jacques Del Pierre Bayac internazionalista frantziarrak 1968an aipatu zuen 60 bat egon zirela borrokan. Ondoren, duela ia hogei urte, Vargas Alonso Historian doktoreak ‘60 eta 80 artean’ aipatzen zituen euskal frontean, Gipuzkoan eta Bizkaian. Guk pentsatzen genuen askoz gehiago egon zirela eta bilaketan hasi ginen», agertu du Arroyok.

Bildu duten informazio gehiena, %80 baino gehiago, Errusiako artxiboan topatu dute. RGASPI izena du eta bertan internazionalisten inguruan informazio asko dago. Bost bat milioi dokumentu baino gehiago. «Gero Salamancako, Avilako eta Amsterdameko IISG (International Institute of Social History) artxiboetan ere aritu gara. Ez da batere erraza bertan sartzea. Hasieran 200 baino gehiago topatu genituen, baina gero garbiketa egin genuen, ondo dokumentatuta daudenak bakarrik hartu baititugu kontuan. Garbiketa hori eginda, gaur-gaurkoz 177 ditugu; izen-abizenekin eta zehatz noiz heldu ziren jasota. Badaude beste batzuk, 50 inguru, zalantzan ditugunak. Badakigu Bizkaian egon zirela, baina ez dakigu Gipuzkoan egon ziren ala ez. Horiek badaezpada ez ditugu sartu, ikerketa Gipuzkoan kokatuta baitago. Ikerketan sartu dugu dokumentatuta daukaguna bakarrik», azaldu du Arroyok. Bizkaiko frontea kontuan hartuta, Euskal Herrira etorritako internazionalistak 300 baino gehiago izan zirela kalkulatzen dute ikertzaileek.

Ikerketak mahai gainean jarri duen kopuruak, 175 internazionalista baino gehiago, ikertzaileek zeukaten hipotesia baieztatzen du. «Orain arte bazirudien motu proprio etorritako gutxi batzuk zirela, erdi abenturazaleak eta beren kabuz etorri zirenak. Baina ez da horrela. Talde txikietan antolatuta etorri ziren, asko soldaduska egindakoak ziren edo Lehen Mundu Gerran borrokatutakoak. Medikuntza ikasi zutenak ere etorri ziren. Hau da, ez zuten edozein ekarri, asko beteranoak ziren, asko erbesteratutakoak; Hitlerren Alemaniatik, Mussoliniren Italiatik, Poloniatik ihesi joandakoak… Politikoki jende prestatua zen, militanteak -gehienak komunistak ziren- eta bazekiten fusila maneiatzen. Ez ziren bakan batzuk etorri, ez ziren gazte idealista gutxi batzuk. Ondo antolatuta etorri ziren eta bazekiten borroka egiten», nabarmendu du Azurkik.

Abram Gostynski. Medikuntza ikaslea zen eta Estoucharekin batera etorri zen Irungo frontera. (GAUR8)

«Erromantizismo pixka bat kendu nahi dugu. Ez ziren gazte borrokalari idealista gutxi batzuk etorri. Gehienak formakuntza militar jakina zuten eta faxismoa borrokatzera etorri ziren. Gehienek 30 urtetik gora zituzten eta kontzientzia politiko garatua eta sakona. Bazekiten zertara zetozen», nabarmendu du Arroyok.

Internazionalistek kontzientzia politiko sakona zuten eta antolatuta zeuden, nahiz eta orain arteko kontaketa ofizialak ez duen azpimarra jarri horretan. «Segur aski garrantzia kentzeko kontatu dute beste era batera. Adibidez, Irungo frontean Errepublikaren aldekoak 1.500-1.800 miliziano inguru ziren. Eta horietatik %10 inguru, 150 edo gehiago, abuztu erdialdean iritsitako internazionalistak ziren. Metrailadoreak erabiltzen espezializatuta zeuden, formakuntza militarra zuten, lubakiak gotortzen iaioak ziren, munizioan adituak… Garrantzitsuak izan ziren Irungo frontean. Internazionalistarik gabe, kolpistek bospasei egun lehenago hartuko zuten Irun», azaldu du Arroyok. «Esaten dute lubakietan zeudenean eta bonbardaketak hasten zirenean, bertan 100 lagun baldin bazeuden, agian 20 milizianok alde egiten zutela. Eta geratzen zirenak bi frantses, suitzar bat, bi aleman… ziren, metrailadorearekin lehen lerroan zeudenak asko. Hartara, beste eszenatoki bat ari gara irudikatzen. Aldiz, kolpistek oso ondo dokumentatu zuten gerra, operazio parteak eta eguneroko kronikak osatzen zituzten eta beraiek bazekiten abuztu bukaeran Irunen gidatzen eta agintzen zuena komunista frantses bat zela. Eta bazekiten azken egunetan fortifikazioak asko hobetu zituztela. Kolpistek identifikatzen zituzten internazionalistak. ‘Fuertemente fortificado por elementos extranjeros, principalmente franceses y belgas’, utzi zuten idatzia. Haiek bai eman zieten garrantzia», jarraitu du historialariak. «Gure tesia da internazionalista hauek izan zirela Nazioarteko Brigaden aitzindariak», gaineratu du Azurkik.

ANTIFAXISMOAREN OLATUA

Internazionalisten presentziak eta nolakotasunak erakusten du 1936ko Gerra lehertu zenean, mundu mailan bazegoela faxismoaren kontrako olatu antolatu bat, ardura kolektibo bat. «Adibidez, Errusiako dokumentuetan galdetegi bat egiten zieten. Zergatik etorri ziren galdetzen zieten. Sobietarrak beti izan dira zorrotzak burokrazia kontuetan, eta eskerrak, horri esker informazio asko lortu dugulako artxibo horretatik. ‘Espainiara borrokara etorri izanaren arrazoia’ galdetzen zieten eta %99k erantzun bera ematen zuten; ‘borrokatzera, faxismoaren aurka egitera, erreakzio faxista geratzera…’. Internazionalista horien esanetan, faxismoa gerran bertan borrokatu behar zen, aurrez aurre, ez zen nahikoa elkartasuna adieraztea», azaldu du Arroyok.

175 internazionalista baino gehiago identifikatu dituzte eta ez da erraza profil orokor bat egitea, baina badira tasun komun batzuk. Gehienak gizonezkoak ziren -Estoucha da dokumentatuta dagoen emakume bakarra-, kontzientzia politikoari dagokionez, %99 ezkertiarrak ziren, eta, horien barruan, %90 inguru komunistak. Bazeuden anarkista batzuk, troskista batzuk, sozialistak… eta batzuek “ezkertiar” bezala definitzen zuten beren burua.

Gostynskik Pasionariari idatzitako gutunetako bat. (GAUR8)

«Adibidez, Frantzian, CGTkoak, Nazioarteko Laguntza Gorrikoak… bazeuden. Baina gehienak Alderdi Komunistakoak ziren; azken finean, Alemaniatik, Belgikatik, Italiatik, Poloniatik… zetozen. Eta gero bukaeran Parisen Alderdi Komunistak bidali zituen talde antolatuak. Lau bidetik bidaltzen zituen: itsasoz gutxi batzuk, beste gutxi batzuk oinez edo autobusez, eta gehienak trenez iristen ziren Hendaiara. Gehienak erbesteratu politikoak ziren, Parisa bidaltzen zituzten eta Paristik, zutabe bat Euskal Herrira eta beste bat Aragoira eta Kataluniako zonara. Ideologikoki denak ezkertiarrak ziren, oso prestatuak, kontzientzia politiko sakona zutenak eta formakuntza militarra. Eta gehienek aurretik faxismoa bizi izan zuten. Batzuk Lehen Mundu Gerran aritutakoak ziren», azaldu du Arroyok.

Bill Williamson izan zen iristen lehena, Kanadatik. «Kasualitatez iritsi zen uztail bukaeran, Kanadatik. Garai hartan Atlantikoa gurutzatzeko zazpi-zortzi egun behar ziren. Internazionalista gehienak abuztuaren lehen hogei egunetan iritsi ziren. Irungo batailaren gogorrena abuztuaren 20tik irailaren hasierara eman zen, eta lehen lerroan aritu ziren», jarraitu du. Hori da internazionalisten beste ezaugarri bat, hasi eta buka, lehen lerroan aritu ziren frontean eta hilkortasun tasa handia izan zen haien artean. Kalkuluen arabera, internazionalisten %10 inguruk galdu zuen bizia 1936ko Gerran. Baina ez da erraza heriotza horiek dokumentatzea. «Ondorengo urteetan Eusko Jaurlaritzak lan handia egin zuen hildakoak identifikatu eta gerrako pentsioak banatzeko. Familiek dokumentazioa aurkezten zuten horretarako. Baina internazionalistak ez zirenez bertakoak, inork ez zituen haien paperak bete eta hildakoak ez daude dokumentatuta», azaldu du historialariak.

Arroyok eta Azurkik dokumentatu dituzten 178 internazionalisten artean, hamasei herritartasun desberdin daude: Frantzia, Italia, Alemania, Polonia, Belgika, Austria, Hungaria, Kroazia, Errumania, Suitza, Kanada, Letonia, Portugal, Suedia, Ukraina eta Jugoslavia.

ZOR ANTIFAXISTA HISTORIKOA

Gipuzkoan faxismoari aurre egitera etorritako internazionalistei izen-abizenak jartzea izan da Azurki eta Arroyoren ikerketaren erronka nagusia. Eta lan horretan ari zirela, askotariko bizitzak eta kontakizunak topatu dituzte.

«Adibidez, asko aipatu dugu Abram Gostynski. ‘Flores de la República’ liburuan hiltzat ematen dute Gostynski. Hortik aurrerako dokumentazioan ez delako agertzen. Eta bat-batean hara non topatu genituen Errusiako artxiboan eskutitz batzuk idatzi zizkiola Pasionariari 1940. urtean Leopolisen, Bigarren Mundu Gerran. Gazteleraz idatzi zizkion eta nahiko txukun. Leopolisen gero medikuen kontrako sarraski bat gertatu zen, eta Gostynski ere medikua zen. Eskutitz horietan esaten dio ‘yo soy uno de los combatientes de Euzkadi’. Horrela hasten du gutunetako bat, guztira bi gutun idatzi zizkion Pasionariari: ‘Queridísima camarada Dolores Ibarruri Pasionaria, miembro del Comite Central del Partido Comunista de España, me permito escribir a usted esta carta. Soy uno de los combatientes de Euzkadi. He venido a Irun el 8 de agosto, tres semanas después que ha empezado la guerra y he venido de Belgica de Bruselas, donde he estudiado la medicina. Me he dado cuenta de que no es suficiente estar en el comite de ayuda, de que hay que vivirlo en primera linea’. Eta bere historia ezagutu dugu, Irunera iritsi zelako Gostynski bezala, baina hortik aurrera bere gerrako ezizena erabili zuelako: Pierre Martel. Horrela identifikatu dugu», kontatu du Arroyok.

Irudian, ezker-eskuin, Arroyo eta Azurki. Internazionalisten inguruko hainbat proiektu dituzte martxan. (Jon URBE / FOKU)

Internazionalistak munduko beste puntatik etorri ziren modu altruista batean, kontzientzia politiko argiarekin eta faxismoari aurre egiteko konbikzioarekin. Dena eman zuten, batzuek bizitza. Azurkik eta Arroyok bultzatu duten ikerketaren helburua egindakoa aitortzea da, izen-abizenak jartzea borrokalari haiei, historiaren parte hori kontatzea.

«Pertsonalki eta historialari bezala, nire lehen sentsazioa da egiara gerturatu garela. Orain arte izan dugu erdizkako egia bat; 60-80 etorri zirela, idealista ero gutxi batzuk zirela… Eta ikerketa egiten hasi eta konturatu ginen Irunen bakarrik 100 baino gehiago genituela eta Euskal Herrian 300 baino gehiago egon zirela. Gero Nazioarteko Brigadetan 35.000 inguru egon zirela uste dut».

«Ikerketa honetan topatu dugu internazionalistena ez zela fenomeno txiki bat izan, gauza ñimiño bat. Mugikorrik edo telebistarik ez zegoen garaian, 1936ko altxamenduaren berri jakin orduko munduko beste puntatik etorri ziren Euskal Herrira, modu altruistan, faxismoaren aurka borroka egitera. Orain arte ez diegu inolako arretarik jarri, ez diogu balioa eman egin zutenari. Garrantzitsua iruditzen zaigu errealitate hau ere mahai gainean jartzea», iritzi dio Arroyok.

«Niretzat garrantzitsua da izen horiek gaur egunera, gurera, ekartzea. Giza eskubideak defendatzeko eta borrokatzeko egin zutena nabarmendu behar da, elkartasun internazionalista goratu behar da balio modura. Orain bizitzen ari garen garai hauetan, ultraeskuina eta faxismoa goraka doazen garai hauetan, erreferentzia antifaxistak eta demokratikoak edukitzea beharrezkoa da. Eta uste dut internazionalistak badirela erreferentzia bilakatzeko modukoak. Uste dut gure betebehar morala dela internazionalistak lehen lerrora ekartzea eta erreferentzia bihurtzea», amaitu du Azurkik.

Deja un comentario

Tendencias