Gaur Portugalen hasi eta urte osoan zehar, Europan hainbat hauteskunde garrantzitsu eginen dira. Hungariak, Suediak eta Esloveniak gobernuburu berriak hautatuko dituzte. Alemanian eta Espainian, zenbait land eta autonomietan eskuin muturrak aurrera pausuak egin ditzake, eta Estatu frantsesean, udal hauteskundeek 2027ko presidentzialetarako pistak eskainiko dituzte.

Beñat Zaldua / GARA-NAIZ / Berez, artikuluaren izenburua «Eskuin muturrari eta alternatibei neurria jartzeko zazpi hauteskunde» zen.

«Iazko urtea zaila izan zen, baina lasai, hurrengoa askoz okerragoa izanen da». Giorgia Meloni Italiako lehenengo ministroak hitz hauekin eman zion ongi etorria 2026ari. Nola hasi den ikusita, arrazoirik ez zaio falta. Europar Batasunak zirt edo zart egiteko urtea dela diote. Altxatu ala hil. Gauzak gutxitan dira diruditen bezain dramatikoak, baina egia da Bruselako agintariei kreditua amaitzen ari zaiela, ez bazaie dagoeneko amaitu. Horren arrastoa erraz sumatu ahalko da, ziurrenik, kontinentean urtean zehar eginen diren hainbat hauteskundetan.

Ameriketan ere izanen dira hitzordu garrantzitsuak hautetsontziekin. AEBtako midtermak, eta Kolonbia eta Brasilgo presidentzialek bereganatuko dute arreta gehiena, arrazoiz. Baina Europan jarriko dugu fokua oraingoan. Estatu handietan, printzipioz, Gobernu aldaketarik aurreikusten ez bada ere, badira egungo orekak astindu eta kontinentearen norabidea baldintzatu dezaketen hauteskundeak. Hona hemen horietako zazpiren errepaso bat. Eskuin muturraren igoera eta bere alternatiben tamaina neurtzeko zazpi zita.

PRESIDENTEA HAUTATZEKO GIRO NAHASIA PORTUGALEN

Zerrendako lehenengo hizordua gaur bertan dator. Gauza lasaia izan ohi ziren presidentea hautatzeko hauteskundeak Portugalen. Kontsentsua nagusitu izan da 1974ko iraultzatik hona, eta 1986ko salbuespenaz gain, ez da inoiz bigarren itzulirik behar izan. Orain arte. Lau hamarkada beranduago, bigarren itzuli hori da ziurtzat jo daitekeen elementu bakarra gaur hasi eta otsailaren 8an amaituko den prozesuan.

Hamaika hautagaien artean, ez da bakarra ere nabarmendu, eta bost daude %15eko botoen bueltan, inkesten arabera. Horietako bat, abantaila txiki batekin, André Ventura da, Chega eskuin muturreko alderdiko buruzagi nagusia. Arraroa litzateke bigarren itzulira ez pasatzea kirol komentarista ohia. Zailagoa da aurrean nor izanen duen asmatzea, berak izanen baititu presidente izateko aukera gehienak, bigarren itzulian eskuin muturraren aurkako botoak bereganatu ahal dituelako esfortzu gehiegirik gabe. Hautagaien artean, hauek dira faboritoak: António José Seguro Alderdi Sozialistako kidea, Luís Marques Mendes kontserbadore tradizionala eta Joao Cotrim Figueiredo Iniciativa Liberaleko buruzagia. 2017an sortu zen azken alderdi hau, eta Chegarekin lehiatzen da alderdi tradizionalekin nazkatutako hautesleak erakartzeko. Hainbat esparrutan Ventura baino moderatua bada ere, Cotrim Figueiredoren lehenengo kanpainaren leloak ez du bere ideologiaren inguruan zalantzarako tokirik uzten: «Estatu gutxiago, askatasun gehiago».

ORBANEN ETORKIZUNA KOLOKAN

Bi hilabete beranduago, apirilean, iritsiko dira urte osoko hauteskunde interesgarrienetakoak. Lehenengo aldiz hamabost urtetan, Victor Orbanek galdu ditzakeelako hauteskunde parlamentarioak. Inkesten arabera, Tisza alderdi kontserbadore tradizionaleko hautagai Péter Magyarrek irabazi ahal ditu.

Ez da inolako iraultzarik espero. Magyar antiimmigrante sutsua da, Orban bezala, eta Ukrainari armak bidaltzearen aurkakoa. Baina geopolitikoki, Trumpek eta Putinek peoi baliotsua galduko lukete Europa ahultzeko desira partekatuan, eta eskuin muturrak bere buruzagi ezagunenetako bat galduko luke.

Inkestak inkesta, edonola, kanpaina ez da hasi, eta Orbanek bere eskura ditu lehia baldintzatzeko palanka ugari, urteetan zuzenbide-estatua ahuldu eta gero. Galduta ere, emaitzak onartu beharko ditu.

AFDRI SO ALEMANIA EKIALDEAN

Iraileraino itxaron beharko dugu, baina ikasturtearen hasierarekin batera Mecklemburgen eta Sachsen-Anhalten eginen diren hauteskundeei ere so egin beharko zaie. Bietan AfDek %40ko babesa lortu du azken urteetan, eta oraingoan, gobernua eskuratu dezake, bereziki bigarrenean.

Sachsen-Anhalten, SPDk, Berdeek eta Die Linkeko BSW zatiketak botoen %5 lortzeko zailtasunak izan ditzakete. Ordezkaritzarik gabe geratuz gero, merkeago utziko liokete AfDri %40ko botoekin gehiengo absolutua eskuratzea eta, lehenengo aldiz, land bat gobernatzeko aukera lukete.

Gehiengo absolutu hori gabe, gertatu daiteke eskuin muturrari bidea ixteko, gainontzeko alderdi guztiak elkartu behar izana. Orain arte, Friedrich Merz kantzilerraren CDU alderdiak betoa ezarri die AfDri zein Die Linke ezkertiarrari. Erabakitzeko unea iritsiko zaio, agian, udazkenean.

LE PEN ETA ALTERNATIBEN ARTEKO LEHIA ESTATU FRANTSESEAN

Udal hauteskundeak baino ez dira martxoaren 15ean eta 22an eginen direnak, baina Macronen ahultasuna ezagututa eta 2027ko presidentzialak dagoeneko radarrean egonda, test garrantzitsua bilakatuko dira.

Sare lokalen ahulezia eta bi itzulien logikak baldintzatuta, 2020ko udal hauteskundeetan Le Penen Rassemblement National-ek ez zituen lortu nahi beste alkatetza. Baina sei urte beranduago, testuingurua beste bat da. Haien sarea hedatu dute, eta Les Republicains eskuin alderdi tradizionalak betoa kendu dio dagoeneko. Beste aldean, Fronte Popular Berriaren barne bizitza gatazkatsua herri eta hirietaraino noraino kutsatuko den ezin da jakin, askotan lekuko logikak lehenesten direlako horrelako hitzorduetan. Hainbat lekutan, baita Euskal Herrian ere, hautagaitza bateratuak ari dira lantzen bigarren itzuliari itxaron gabe. Abertzaleek goranzko joerari eusten dioten ikusi ahalko da.

Baina emaitza zehatzetatik harago, 2027ko presidentzialak buruan, bi dira udal hauteskundeek utziko dituzten argazkiak. Batetik, eskuin muturraren lurralde hedapena, aurrera egiten duen edo bere horretan geratzen den. Bestetik, bi itzulien artean sortzen diren aliantzek, bai eskuinean bai ezkerrean, urtebete beranduago Eliseoko lehian espero daitekeenaren aurrerapena eskaini dezakete.

HIRUKO AUTONOMIKOA ESPAINIAN

Aragoi otsailean, Gaztela eta Leon martxoan eta Andaluzia ekainean. PPko gobernu autonomikoek abenduan Extremaduran hasi zen hauteskunde segida bat prestatu dute helburu bikoitz batekin: Pedro Sanchez presidentearen PSOE nokeatu eta Vox lehiakidea neutralizatu.

Extremaduran lortu zuten lehenengo helburua, baina ez bigarrena. Eta ez dago batere garbi Alberto Nuñez Feijooren kalkulua egokia izan den, segida honen irabazle nagusia izateko aukera gehienak Voxek dituelako. Pisu demografikoagatik, garrantzi politikoagatik, eta PPk orain daukan gehiengo absolutua galdu dezakeelako, Andaluzia izanen da bide honetan mugarri nagusia.

Estrategia honekin, Genova kaleko alderdiaren helburu nagusia Pedro Sanchez hauteskunde orokorrak aurreratzera bultzatzea da, baina Feijoori kukuak uste ez zuen tokitik jo diezaioke. Hauteskunde segida honek Voxen esku dagoen PP bat irudikatu dezake, eta Sanchezi aurrera jarraitzeko indarra eman. Legealdia 2027ra arte luzatuz gero, PP bere ahuldadean egosteko urtebete dauka Gobernu espainolak, eta gero kanpaina berriz Voxen aurkako beldurra astintzen antolatzeko aukera eskura izanen luke.

ESPERIMENTU BATEN AMAIERA ESLOVENIAN

2022ko hauteskundeak Janez Jansa eskuindarrak irabazi arren, Robert Golob moderatuagoak gobernua osatu ahal izan zuen ezkerreko alderdiekin, bai sozialdemokratekin, bai Europako Parlamentuan EH Bilduren taldean (GUE/NGL) dagoen Levicarekin. Baina esperimentua ez da erabat arrakastatsua izan, eta martxoko hauteskundeetan Jansaren alderdia nagusituko da. Gehiengo absolutua lortzea zaila dauka, eta gobernua osatzeko negoziazio konplexuak aurreikusten dira.

Jansa Ursula von der Leyenen Europako Alderdi Popularreko kidea bada ere, Orban eta Visegradoko taldetik oso hurbil dago.

SOZIALDEMOKRATEN ITZULERA SUEDIAN?

Kontrakoa gertatu daiteke, edo ez, Suedian irailean eginen diren hauteskundeetan. 2022an sozialdemokratek aise irabazi arren, eskuineko koalizioak gobernatu du Suediako Demokratak eskuin muturraren alderdiaren botoei esker. Inkesten arabera, sozialdemokratek irabazi dezakete berriz, baina bestaldean, eskuin muturra igoko da, eskuin tradizionalak botoak galduko dituen bitartean, sozialdemokrategi gobernua eskuratzeko bidea erraztuz.

Deja un comentario

Tendencias