Kataluniako herri mugimenduetan infiltratutako polizien kasuak oinarri hartuta, liburu bat argitaratu du Rosas Negras kolektiboak. Larunbatean aurkeztuko dute Euskal Herrian.
Jon O. Urain / BERRIA
2022ko ekainean, harrabotsa sortu zuen Kataluniako La Directa aldizkariak argitaratu zuen ikerketa batek: 2019ko udazkenean prozesu subiranistaren aurkako epaiaren ondotik, Espainiako Polizia Herrialde Katalanetako herri mugimenduan infiltratu zen. Gutxienez lau polizia aritu ziren sator lanetan, eta militante politiko eta sozialekin sexu harremanak edota afektiboak ere izan zituzten. Gaia auzitara eraman zuten biktimek, sexu abusuak egotzita, eta liburu batean jaso dituzte kasuak, bizipen pertsonalak, polizia infiltratuen errepaso historikoa eta satorrak antzemateko gida moduko bat. Liburuak La sombra del Estado. Un testimonio colectivo sobre las infiltraciones policiales du izenburu —Estatuaren itzala. Infiltrazio polizialen testigantza kolektibo bat—, eta larunbatean, urtarrilaren 17an, aurkeztuko dute Euskal Herrian; Bilbon, 12:00etan, Arroka Herri Tailerrean, eta Gasteizen, 19:00etan, Eva Forest Liburutopian.
Infiltrazioen biktima izan direnek hartuko dute hitza aurkezpenetan, eta ez liburuaren egileek, anonimoak baitira. Rosas Negras izenpean sinatu dute lana, eta BERRIAri azaldu diote anonimotasunera jo behar izan dutela, kide batzuei jazarri zaizkielako, eta asmoa ez zela liburu bat argitaratzea. «Hasieran, ulertuak sentitzeko elkartzen ginen, zaintza eremuak sortzeko. Gure historiak mahai gainean jartzeak erakutsi zigun nola funtzionatzen duen Estatuak, ikusarazi zigun estrategiak antzekoak zirela». Hortik sortu zitzaien bizitakoa partekatzeko beharra, jomugan ez zeudelako biktima horiek, «ezarritako ordena desafiatzen duen edozein mugimendu politiko sozial» baizik: «Guri egokitu zaigu infiltratuekin intimitatea konpartitzea, baina funtsean tresna bat besterik ez ginen, mugimendu sozial eta politikoen kolektiboetara eta informaziora iristeko. Erasoa kolektiboari eginikoa da».
Liburuan, besteak beste, infiltrazioaren kateari erreparatu diote; babes sareari, satorrak bere lana egin ahal izateko duen babes instituzionalari. «Polizia infiltratuek jarraipen etengabea dute, nagusien sare bat, babesa, psikologoak… Ez dute ezer egiten gogoak ematen dielako, baina itxura hori emateak lagundu egiten du beren ekintzak despolitizatzen». Hain justu, hori delako erronketako bat ere; zelatatze lan hori politikotzat eta indarkeriatzat identifikatzea: «Satorrekin gertu bizi izan garenok pertsona objektibatuak izan gara. Orain badakigu: jendea gure bizimoduan sartuta, modu hori baino ez dute gure artean harremanak nola egiten ditugun ezagutzeko eta nola mugitzen garen jakiteko. Etxeetako sukalderaino sartzea da errezeta ulertzeko formula bakarra». Helburua? «Mugimenduak ulertzea eta horiek kontrolatzea; informazioa kontrolatzea». Zeregin horretan, polizia «peoia» besterik ez da, instituzio publikoak berak urratzen baitu herritarraren intimitatea.
POLIZIA infiltratu bat ANTZEMATEKO tresnak
Liburuak lau atal nagusi dauzka, eta, besteak beste, Euskal Herriko erreferentzia batzuk jasotzen ditu. Baina, horrez gain, herri mugimenduetan satorrak antzemateko gida moduko bat ere badakar, argi utzita sarri ez dela erantzun borobilik lortzen. Hamazazpi galdera zerrendatu dituzte, eta liburuan garatzen dute itaun bakoitzarekin zer lortu nahi den. Honako hauek dira batzuk:
- Bere bizitzari buruzko xehetasunak kontatzen ditu? Deserrotzea erakusten du?
- Ia ez du ideia politikorik adierazten, edo ez dira oso ideia garatuak?
- Inork ezagutu du haren seniderik?
- Bere lanaren edo bizitza pertsonalaren ondorioz, epealdi luzeak —edo motzak, baina asko— igaro behar ditu etxetik kanpo?
- Bere etxean inor gutxi bizi dela dirudi?
- Nola sartu da militantzian edo haren inguruetan?
- Gidatzeko ezohiko trebezia dauka?
- Bat-batean desagertu egin da edota kontaktu oro saihestu du?
- Zer pista uzten ditu bere sare sozialetan?
Zein da horren ondorioa? Tortura eta «indarkeria sexual instituzionalizatua»: «Sator batekin bizi zarela deskubritzean, ondorio psikologikoak izugarriak dira. Gutako askok laguntza psikologikoa eta psikiatrikoa jaso dugu, eta dokumentatu dugu torturaren biktima izan garela Istanbulgo Protokoloaren arabera».
«Erromantizazioa»
Orain, La Directa-k bere ikerketa lana argitaratu eta hiru urtera, Espainiako Goya saria eman zioten La infiltrada pelikulari, Euskal Herriko ezkerreko mugimendu independentistan infiltratzen den polizia emakumezko baten istorioa kontatzen duen filmari. Eta Daniel Camposek, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroaren komunikazio zuzendari ohiak, Guerrilla Lavapiés liburua argitaratu zuen iaz, Madrilgo mugimendu sozialetan infiltratu zen polizia baten benetako istorioa kontatzen duena.
Ekoizpen kultural hori ez da ausazkoa, liburuaren egileen iritziz: «Ez zaigu kasualitatea iruditzen kasuak azaleratzen ari garen garai berean infiltrazioa erromantizatzen duen makineria kultural oso bat martxan jartzea». Gainera, bietan nabari dute ñabardura bat: infiltratuez ari direla, eta ez ezkutuko poliziez: «Desberdintasun garrantzitsua da. Ez dugu estatua justifikatuko, baina ezkutuko agenteek epaile baten aurrean erantzun behar dute, aurrekontu ofizial baten eta sistema oso baten aurrean». Aldiz, infiltratuek «edo, Grande-Marlaskak esaten dien bezala, inteligentzia agenteek, soilik Barne ministroaren eta Informazio Komisaria Orokorraren aurrean» ematen dituzte azalpenak: «Sistema ilun bat dago 1968ko Sekretu Ofizialen lege frankistari lotuta».
Biktimek auzitara ere jo dute, baina, aitortu dutenez, ez dute konponbiderik espero bide horretatik. Erresuma Batuan ere oihartzuna izan zuen hango polizien infiltrazioak; 50 urtez, ehundik gora sartu ziren ezkerreko mugimenduetan, eta batzuek seme-alabak ere izan zituzten bikotekideekin, ez baitziren ohartu albokoa satorra zela. Hain justu, Erresuma Batuan infiltrazioen biktima izan diren andre batzuek parte hartu dute liburuan: «Haiengandik ikasi dugu, estatuak azaldu ziezaien beren bizitzan gertatutakoa, bide judiziala urratzea zela bide bakarra».
Espainiako sistema judizialean sei salaketa jarri dituzte infiltrazioei lotuta, eta azkena ebazpen baten zain dago, baina gainontzekoetan, tramiterako ere ez dituzte onartu. Salaketa horiek Auzitegi Konstituzionalerako bidean dira orain, babes helegitea jarri baitute; horixe da eman beharreko pausoa Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo ahal izateko.




Deja un comentario