Aste honetan 50 urte beteko dira Franco hil zela. Diktadorea duela mende erdi hil zen, baina frankismoa ez zen hil, dena «lotuta eta ondo lotuta» utzi zuen, eta estatu-indarkeria sistematikoki praktikatzen jarraitu zen, zigorgabetasun osoz.

Franco gabeko frankismo horren biktimak eta lekukoak gara Martxoak 3 eta Sanfermines 78 Gogoan elkarteak. Gaur hemen gaude, Estatuko indarkeriaren beste biktima batzuekin batera, Espainiako zigorgabetasun-eredu jasanezina salatzeko eta Egia, Justizia, Erreparazioa eta Ez Errepikatzeko Bermeak indarrez aldarrikatzeko.

1976ko martxoaren 3an Gasteizen eta 1978ko sanferminetan Iruñean egindako krimenak Euskal Herrian irekitako bi zauri handi dira. Ez dira bakarrak. 1975eko azaroaren 20aren ondoren ehunka pertsona torturatu eta hil zituen estrategia errepresibo baten icebergaren punta dira.

Martxoak 3 eta Sanfermines 78 Gogoan elkarteek, ekainan abiatutako «ESTATUA ERANTZULE” kanpainaren bidez, indarrak batu ditugu Estatuari erantzunak eskatzeko. Jakin badakigu norabide onean egiten dugun urrats bakoitzak bidea ireki dezakeela erakundeek ahaztutako beste biktima askok zor zaien eta oraindik egiteke dagoen aitorpen osoa izan dezaten.

Memoria Demokratikoaren 20/2022 Legearen mekanismoei heltzea eskatu dugu. Lege horrek errepresioa jasan zutenen erreparazio moralerako eta memoria pertsonala eta familiarra berreskuratzeko eskubidea aitortzen du. Bi erakundeen artean 40 eskabide izapidetu ditugu aitortza hori lortzeko.

Hala ere, gure jarduera ez da soilik prozedura horretara mugatzen, baizik eta krimen horietan Estatuak duen erantzukizun nagusi eta zuzena ofizialki aitortzeko eskakizunarekin batera dator. Hori dela eta, ostiral honetan bertan Arabako hiriburuan jorratuko den mozioan, Gasteizko udalbatzari honako eskari hauei atxikitzeko eskatuko diogu:

  1. Vitoria-Gasteizko Udalbatzak Espainiako Gobernuari eskatzen dio aitor dezala Estatuak erantzukizun nagusi eta zuzena duela Gasteizen 1976ko martxoaren 3an eta Iruñean 1978ko sanferminetan egindako krimenetan.
  • Vitoria-Gasteizko Udalbatzak Espainiako Gobernuari eta haren presidenteari eskatzen die maila gorenean adierazpen ofizial bat egin dezatela, 1. puntuan adierazitakoari jarraikiz.
  • Vitoria-Gasteizko Udalbatzak erakunde eskudunei eskatzen die benetako eta behin betiko urratsak eman ditzatela estatu-indarkeriaren biktimen egiarako eskubidea bermatzeko eta, horrela, derrigorrezko justizia eta erreparazioa lortzeko ateak irekitzeko, antzekoak berriro gerta ez daitezen.

Ekimen hau 1976ko martxoaren 3ko eta 1978ko sanferminetako krimenekin lotuta dauden Euskal Herriko beste udalerrietara ere iritsiko da datozen asteetan: Iruñea, Donostia, Astigarraga eta Basauri. Diktadorea hil eta mende erdira, estatu-indarkeriaren biktimek Egia, Justizia, Erreparazioa eta Ez Errepikatzeko Bermeak eskatzen jarraitzen dugu.

Deja un comentario

Tendencias