Jon O. Urain / BERRIA
1936ko gerraren, ondorengo frankismoaren eta Franco hil osteko garai politikoaren bilakaera kontatu daiteke Miguel Castells Artetxeren (Busturia, Bizkaia, 1931) gorputzaren bidez. Ezagutu zuelako gerra, ihesa, itzulera; eta, ondoren, diktaduraren sistema judiziala, jazarpen egitura. Abokatu jardunaren bidez, frankismoaren aurkako mailu izan baizen Castells 1958 eta 1975 artean. Eta esperientzia pertsonalaren bidez, bere larruan nozitu baitzituen kartzela, deserria. Jazarpena ez zen amaitu Franco desagertzean.
Espainian errepublika aldarrikatu eta lau hilabetera jaio zen, Busturian. Aitaren notario lanak Teruelera eraman zuen familia, eta hantxe harrapatu zituen 1936ko gerrak. Ia hil zitzaion arreba han. Valentziara egin zuten ihes, eta handik Marseillara, Eusko Jaurlaritzak lagunduta. Handik Busturira berriro, eta Donostiara azkenik. Josulagunetan ikasi ondoren, Deustuko Unibertsitatean hasi zituen zuzenbide ikasketak, eta Madrilen bukatu. Eta bukaera hark bide eman zion hasiera bati.
1958ko otsailean hasi zinen abokatu lanetan.
Garai horretan ofizioko gaiak eramatea ohoretzat jotzen zen, eta ez genuen ezer kobratzen horregatik. Ni nire ezagun guztien ofizioko kasuak eramaten hasi nintzen.
Zer ikusi zenuen lehen kasu horietan?
Gogoan dudan lehen kasua Francisco Iartzaren bidez iritsi zitzaidan. Apaiz oso zahar bat zen. Accion Catolicakoa zen, nire aitaren laguna. Eta ikusten nuena talka bat zen unibertsitatean ikasitakoarekin. Talka bat bizitzaren errealitatearekin.
Hura ez zen gai politiko bat.
Gauzain baten kasua zen. Hari entzun gabe sartu zuten Martutenera, gobernadorearen aginduz. Baina hark ez zuen horretarako eskumenik.
Nola hasi zitzaizkizun kasu politikoak iristen?
Ofizioko kasuekin ikasten ari nintzen; kasu horiek herriaren errealitatearekin harremanetan jartzen ninduten. Nik herriaren errealitateko kide izan nahi nuen. Beste abokatu batzuk jabetzen hasi ziren nire lanaz, eta bi, Kintxo Elosegi eta Antonio Arrue, beste auzi batzuk bidaltzen hasi zitzaizkidan, gai politikoagoetakoak.
Adibiderik?
Zarauzko auzi batean ETAren siglak ikusi nituen, 1960ko hamarkada hasieran. Jurisdikzio militarra inhibitu egin zen auzibide arruntaren alde.
1963 baino lehen, orduan, Ordena Publikoko Auzitegia sortu aurretik…
Ordura arte dena eramaten zen auzibide militarretik, baina, epaile militarra nazkatzen zenean, inhibitu egiten zen. Baina, noski, hemen fiskalekin akordioetara iristen ginen; harremana genuen. Donostian, bulegoa Espainia etorbidean nuen [gaur egungo Askatasunaren etorbidean]; azpian Monaco kafetegia genuen, eta han epaile eta fiskalen arteko tertulia egiten zen. Ni ere joan ohi nintzen.

ZUZENBIDETIK MILITANTZIARA
Isun batek eraman zuen lehenbiziko aldiz espetxera, ezkon bezperetan. Castellsek, beste bi kiderekin, idatzi bat aurkeztu zuen Abokatuen Elkargoko Gobernu Batzordean, tortura kasu batengatik protesta egiteko. Isuna jarri zioten. Eta isuna ez ordaintzea zen erregimenari kontra egiteko modu bat. Ez zuen pagatu, eta preso sartu zuten.
CASTELLS: Funtzionario batzuek gauzak kontatzen zizkidaten. Batek esan zidan, espetxeratzea agintzen duen gobernadorearen dekretua irakurri zidatenean, idazkariak Melitoni [Manzanas] esan ziola ni zortzi egunen buruan ezkontzen nintzela. Eta hark erantzun ziola: «Orain ordainduko du».
Zer oroitzapen duzu Martuteneko esperientziaz?
Alde batetik, kolpe bat izan zen. Beldurra ematen zuen, ez dakizulako hor barruan zer aurkituko duzun.
Esan izan duzu aukera ere eman zizula kartzela barrutik ezagutzeko.
Profesionalki ezagutua nuen kartzela. Nik beti sinetsi izan dut lan tresna gisa zigor prozedura darabilgun guztiok igaro behar dugula epe bat kartzela barruan, hor barruan daudenak bezala bizitzen, ezagutu dezagun esku artean dugun erreminta.
Martutene barruan ETAko kideekin izan zenuen harremana.
Haien tesia zera zen: atxilotzen zituztenean, haien gurasoek, EAJkoek, erregimenean karguak zeuzkaten abokatuak bilatzen zituztela. Abokatu frankista horiek ETA larrutzen zuten, azkenean errukia eskatzeko. Epaiak izugarriak ziren, eta fakturak bidaltzen zizkieten familiei, epaiak bezain izugarriak. Defentsan ETAri eraso egingo ez zion norbait bilatzen zuten; ez zegoen apologia egin beharrik, baina behintzat, ez ziezaion eraso egin ETAri. Eta ez zezala kobratu, ez zutelako dirurik. Espetxetik irten nintzenean, hitz egin nuen beste abokatu gazte batzuekin. Beste abokatu belaunaldi bat ginen.
«Manzanas hil zutela jakin eta gero, Donostia erdiak egin zuen hanka etxetik. Rekaldek esan zigun ez zela salbuespen egoerarik ezarriko. Denak itzuli ginen, eta, gau horretan, brau»
Nortzuk zineten?
Artemio Zarco, Jose Ramon Rekalde, Elias Ruiz Zeberio, Ibon Nabaskues, Fernando Mujika, Pedro Ruiz Balerdi, Guillermo Garcia Lakunza, Jesus Mari Bagues… Denek eman zuten baiezkoa. Bakarrak esan zuen prest zegoela baina kobratuko lukeela. Baina ez dut esango nork.
Ez kobratzea berria zen, ezta?
Berria zen. Ja aurpegia emana genuen abokatu talde bat ginen.
Auzi batzuk doan eramaten zenituzten, baina dirua ere irabazi beharra zegoen, ala?
Denok genuen arazo bat: bulego bat edukitzea herri mugimenduaren mesedetara. Bulego hori ordaindu beharra zegoen. Lanordu asko egin behar genituen bulego bat mantendu ahal izateko herri mugimenduaren eta han egon zitezkeen antolakundeen alde.
Hortaz, aitzindariak izan zineten, eta gero, urte batzuk geroago, zuen taldeak aurre egin zien gerra kontseiluei.
Hori da. Hori Gipuzkoan hasi zen, ETAko presoekin Martutenen izandako kontaktuaren bidez.

JAZARPENA
Abokatu talde hura deserosoa zen. Irun, 1966ko Aberri Eguna: atxilo hartutako batzuen atxiloaldia 72 ordutik gora luzatu zelakoan, eta legez kanpoko atxiloketak egitea egotzita, abokatu horietako batzuek, tartean Castellsek, salaketa jarri zuten Manuel Valencia Remon Gipuzkoako orduko gobernadore zibilaren kontra. Eta hori bueltan etorri zitzaien: talde klandestinoekin bat egitea leporatu zieten, eta abuztuaren 7an, abokatuetako batzuk atxilotu zituzten.
1968ko abuztuaren 2an ETAk Meliton Manzanas hil ondoren, La Voz de España egunkariko editorial batek jopuntuan jarri zintuzten apaizak eta abokatuak, zuek zuzenean aipatu gabe. Jopuntuan zeundeten. Sarekada bat egin zuten segituan, baina zuri denbora eman zizun ihes egiteko.
Apaizek ere sotana bildu behar izan zuten korrika bizkorrago egiteko. Manzanas hil zutela jakin eta gero, Donostia erdiak egin zuen hanka etxetik. Rekaldek lagun asko zituen Madrilen, eta hark esan zigun ez zela salbuespen egoerarik ezarriko. Denak itzuli ginen, eta, gau horretan, brau.
Baina zu ez zintuzten harrapatu.
Pepitak, Artemioren emazteak deitu zidan, esanez Zarco atxilotu zutela. Zerbait egingo nuela pentsatu zuen, horregatik deitu zidan. Eta halaxe egin nuen: pijamaren gainean galtzak jarri eta korrika irten.
Nora joan zinen?
Busturiko etxera. Gero Gernikako epailearen aurrean entregatu nuen neure burua. Hark Ordena Publikoko Auzitegira deitu zuen, eta han esan zioten ez zegoela ezer nire aurka.
1968ko abenduaren 22an atxilotu zuten, eta egun berean 633 kilometrotara erbesteratu, Jarandilla de la Verara (Espainia). Atxilotu baino bi egun lehenago, Poliziak idatzi bat egin zuen gobernadorearentzat, eta bertan zioen Castells «erregimenaren etsai sutsua» zela. «Bigarren salbuespen egoera amaitzear zela, Bartzelonako Unibertsitateko ikasle batzuei ez zitzaien bururatu Francoren busto bat leihotik botatzea besterik». Eta salbuespen egoera Espainia osora zabaldu zuten.
Deserriratuak zer moduz integratu zineten bidalitako lekuetan?
Falangearen informazio bat heldu zitzaigun, eta zera zioen: deserriratuok —ez soilik abokatuok— bidali gintuzten herriak erregimenarentzako leku segurutzat zituztela, eta gure presentziak erregimenaren aurkako ezinegona sortu zuela herritarren artean.
Jarandillan egon zinen hiru hilabetez, 1969ko martxoaren 26an Espainian salbuespen egoera kendu zuten arte.
Hiru egun gehiago gelditu nintzen, jendearen agurrengatik. Eta zin egin nuen urtero itzuliko nintzela.
Ez naiz itzuli.
(Baina oso ongi portatu ziren nirekin).
«Burgosko Auzian, harremana egon zen epaiketaren eta kalearen artean. Akusatuak posizio bat hartzen hasi ziren herria kontzientzia hartzen hasi zen aldi berean. Komunikazioa zegoen ETAko presoen eta herritarren artean»
BURGOS, HAUSTURAKO EPAIKETA BAT
1969ko martxoan deserritik itzuli, eta urte eta erdira Burgosko Prozesuan zeuden abokatu horiek. Baina zirkulua ireki beharra zeukaten. «Hartu genuen erabakietako bat zera izan zen: parean Espainiako armada edukiko dugu, ezin dugu bakarrik hiruzpalau abokatu izan». Gutxienez, akusatu adina abokatu izan behar zuten, eta, ahal bazen, gehiago. Eskuineko abokatu gehiegi zegoen, ordea. Bilbon, bulego obrerista bat ireki berri zuten Periko Ibarrak, Paco Letamendiak… eta horiek Burgoskoen defentsan sartzea proposatu zuen Castellsek: «Gazteak ziren, obreristak… [Gregorio] Peces Barba eta beste batzuk konpentsatzeko».
Parean armada bat zenutela esan duzu. Nola prestatu zenuten defentsa hura? Sarri aipatzen da «hausturako epaiketa» bat izan zela.
Eginak ziren beste hausturako epaiketa batzuk. Hausturaren ideia bera ere ez da itxia. Hausturaren aldeko jarrera hori Gipuzkoan hasi genuen, Lazkaoko epaiketan [su eman zioten alkatearen etxeari, hura kanpoan zela. 1968ko azaroan egin zuten epaiketa]; hor lekuko bat zegoen, soilik euskaraz moldatzen zena. Eta ez zioten hitz egiten utzi, hiru akusaturentzat heriotza zigorrak eskatzen ari ziren arren. Bizkaian ere bai: [Andoni] Arrizabalagarena, Txomin Ziluagarena… euskaraz egin zuten. Hau da: Burgoskoaren aurretik, hausturako epaiketa batzuk eginak ziren, baina hemen, Euskal Herrian, espontaneoki egin zen, ez aurrez aztertua genuelako.

Horretarako, ezinbestekoa zen aldeko giro sozial bat.
Hemen, harremana egon zen epaiketaren eta kalearen artean. Akusatuak posizio bat hartzen hasi ziren herria kontzientzia hartzen hasi zen aldi berean. Komunikazioa zegoen ETAko presoen eta herritarren artean.
Orduan zuek bazenituzten aurrekari batzuk pentsatzeko epaiketak hausturaren bidetik jo behar zuela.
Ez. Abokatuei eutsi egin behar zitzaien. Ahalik eta abokatu gehien izan behar genuen, baina, taldea zabaltzen duzunean, arriskuak hartzen dituzu. Epaiketak pentsatuta daude abokatua luzi dadin, hitzak eta isiluneak menderatzen dituela erakuts dezan. Orduan, gure zalantza zen: nola ekidingo dugu abokaturen bat bere kasa hastea eta akusatuek nahi dutena pikutara bidaltzea?
Nola?
Abokatuek aurrez men egin behar genion akusatuen nahiari. Bezero bakoitzak hori eskatu behar zion bere abokatuari, baldintza gisa jarrita.
Burgosko Prozesuan, Mario Onaindiak «Gora Euskadi askatuta» oihukatu zuen epaiketa hausteko. Militarrek bederatzi heriotza zigor jarri zizkieten sei akusaturi 1970eko gabonetan, baina ez ziren bete. Bost urte geroago, Txiki, Otaegi, Baena, Sanchez Bravo eta Garcia Sanz hil zituen erregimenak. Tartean gertatu zen Carrero Blancoren aurkako atentatua, eta, baita ere, erregimenak Burgosko akatsetatik «ikasi» egin zuela: Burgosen auziak pilatu eta gero, «sakabanatu» egin zituzten bost urte geroago, eta batzuk Euskal Herritik urrundu zituzten; gainera, 1975ean, epaiketak opor garaian egin zituzten abenduan egin beharrean, eta zenbait ordutako iraupena izan zuten. Eta, horrez gain, 1970eko porrotaren ostean, erregimenaren sektore batzuek odola eskatzen zuten 1975ean.
Hil zen Franco, eta Castellsek politikagintzan jardun zuen; 1979-1983 legealdian Herri Batasuneko senatari izan zen, eta Espainiak zigortu egin zuen Punto y Hora-n idatzitako artikulu batengatik. Auzia Estrasburgoko auzitegira iritsi zen, eta Castellsi eman zion arrazoia. Pasatakoak pasatuta, beldurraz mintzo da oraindik ere: «Ni erregimen haren ume bat naiz nolabait. Franco hil egin zen, baina DNAn sartu zigun izua ez zen desagertu. Ni, oraindik orain, beldur naiz esateagatik frankismoaren aurka armak hartu zituzten errebeldeek jarduera legitimo bat egin zutela; beldur hori gainditu egin behar dut, esfortzua egin behar dut, frankismoak sartu zigun izuak hor jarraitzen duelako». Ez da bakarra; uste du gerraosteko belaunaldi oso bat txikitu zuela diktadoreak, erraietaraino sartu ziela ikara hori, «ez soilik hilketen bidez, ideologikoki ere bai. Horregatik etorri behar izan zuen belaunaldi berri batek. Aurreko belaunaldiak ja ez zuen gehiagorako ematen».





Deja un comentario