Frankismoaren eta Eliza Katolikoaren itzala luzea da emakumeen eskubideen urraketan. Gizonekiko menpeko posizioan jarri zituzten eta etxera baztertu, ama eta emazte otzanak izatera zigortuz.
Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute / alea.eus
«Lagundu gizonari! Hori da emakumearen misioa. Lagundu gizonari! Hori da zure patua bizitzan». Emilio Enciso Vianak, Espainiako Emakumeen Ekintza Katolikoko apaiz arabarrak, egindako deiak erregimen frankistak garaiko emakumeei esleitu zien norakoa laburbiltzen du.
Emakumea gizonaren «makulu» izatea, eta bere nagusitasuna eta hierarkia onartzea izan zen hasieratik Francoren diktaduraren funtsezko helburuetako bat. Eta bi eremutatik esku hartu zuen erregimenak pentsamendu misogino hori zabaltzeko: gobernutik legegintzaren bidez jardunez; eta bestea, oso garrantzitsua, Eliza Katolikotik, doktrinaren bidez lan eginez.
Vianak, 1950 eta 1963 bitartean Espainiako Emakumeen Ekintza Katolikoko kontsulario izatera iritsi zen apaiz arabarrak, leku kutuna izan zuen zeregin horretan. Dozenaka koadernotxo idatzi zituen garaiko «emakume zintzoak» erakutsi behar zuen mendetasuna, pentsamendurik eza eta asexualitatea sendotzeko: La muchacha y la pureza, La muchacha en el hogar, La muchacha en el noviazgo, El Evangelio de la Madre…
Horietan guztietan gizonaren «makulu» izateaz gainera, emakumeak ama eta emazte gisa izan behar zuen rola zabaldu zuen garaiko gizartean, eta diskurtso ofizialak eredu perfektua sortu zuen emakume guztientzat, «etxeko aingeruarena».
Ondorio praktikoetarako doktrinamenduak eragina izan zuen eguneroko bizitzaren eta ohituren esparru guztietan. Emakumeen zein gizonezkoen bizitzako alor guztiak ukitu baitzituen frankismoaren pentsamendu atzerakoiak, gaurdaino ere biziraun duen ideologiak.
Erretorika frankistaren fokua gehienbat emakumeengan zentratu bazen ere, gizonek ere bazuten diskurtso egokitua. Gizonen idiosinkrasia indartsu eta kementsua jarraitu beharreko arketipo gisa azpimarratu zuten. Adibide gisa, Adrian Vander doktoreak 1961ean argitaratutako Enfermedades y trastornos de la vida conyugal liburua aipatu ohi da. Vanderrek gizon baten arketipoa modelatu egin zuen, ausardian eta sendotasunean oinarritua beste ezaugarri askoren artean, eta «nahasmendutzat» jo zuen gizonek «etxeko lanetarako zaletasuna», «ahots zorrotza», «herabetasuna» edo «aurpegian ile gutxi» izatea.
Hezkuntzaren erabilera
Emakumearen arketipoa eraikitzeko, berriz, tresna garrantzitsua erabili zuten: neska gazteen hezkuntza; eta ezkontzara zein amatasunera bideratu zuten. «Mutilei ematen zaien heziketa bera ematen zaio neskari, eta, beraz, haiek bezala gizartean esku hartzeko gaitasuna ematen zaio…; ahazten da emakumearen hezkuntza nahitaez amatasunerantz bideratu behar dela», ohartarazten zuten Viana bezalako elizgizonek.
Kontuan hartu behar da 1938. urteaz geroztik egindako lege-xedapenek inoiz ez zutela zalantzan jarri emakumeak ikasteko zuen eskubidea, baina erregimenak hainbat mekanismo eta lege sortu zituen, eta, horien bidez, emakumeen hezkuntza helburu zehatz batzuetara bideratu zen, eta horien artean ez zegoen bizitza akademikoa edo zientifikoa garatzea.
Oinarrizko hezkuntzan eta batxilergoan ikasketen ezaugarri garrantzitsuenak sexuaren araberako segregazioa, sexuaren araberako curriculum dibertsifikatua eta Eliza katolikoaren hezkuntzarekiko mendekotasuna izan ziren, erlijio katolikoa ikasgai gisa maila guztietan derrigorrezkoa izatetik haratago.
Emakumearen Lanbide Heziketari dagokionez, Gasteizko Elizbarrutiko Eskolaren adibidea dugu. 1944an mutilentzako Mekanika eta Ebanisteria ikastaroen hasierarekin batera, Elizbarrutiko Lanbide eta Etxeko Eskola sortu zen neskatilentzat. Hasiera-hasieratik Elizbarrutiko Eskolek gogoan izan zuten emakume guztien etorkizuna ez zela ezkontzan egongo, eta, beraz, «emakume batzuei lanbide edo enplegu bat irakatsi behar zaie» eta elizak prestatu behar zituen.
Elizbarrutiko Lanbide eta Etxeko Eskolan, 1944tik 1949ra arte ikasi zen lanbide bakarra Jostungintza izan zen, eta geroago eskaini ziren Lentzeria, Bordatua, Ehun Makina eta Bulegoa. Landa eremuko Emakumeentzako Etxeko Eskolak ere sortu zituzten Araba osoan. Herrietako neskak egunero joaten ziren eskola horietara, eta Giza Prestakuntza, Etxerako Hezkuntza, Arte Hastapena Sukaldaritza Jantzigintza, Lentzeria, Brodatua eta Erlijio Heziketa jasotzen zituzten. Agurainen eta Bernedon (1952) izan zuten arrakastaren ondoren, gehiago sortu ziren: Ozetan (1954), Kanpezun (1956), Villanañen eta Oionen (1957), Pobesen (1958), eta Araian (1963).
Unibertsitateko ikasgeletan, bestalde, gutxiengoa baziren ere emakumeen presentzia nabaria ukaezina zen 40ko hamarkadaren hasieratik. Hartara, Seccion Femeninako falangistek kontakizun oso bat eraiki zuten berehala, unibertsitateko esperientziak emakumeen nortasunaren osaketan nola eragin behar zuen (edo ez) zehazteko. Falangisten ustez, goi mailako hezkuntza jaso ahalko zuten emakumezkoek, betiere haien berezko «izaera femenino afektiboa» mantenduz. «Badira, adibidez, medikuntza bezalako lanbideak, emakumearen psikologiarekin ondo uztartu ezin direnak… Aitzitik, badira beste batzuk bere esku hartzea eskatzen dutenak, hala nola haurtzaroko lehen heziketa, emakumearen esku utzi beharko litzatekeena», azpimarratu zuten.
«Fabrikatik askatu»
Hezkuntzarekin bezala, antzeko zerbait gertatu zen emakume langilearekin. 1938ko martxoaren 9an idatzitako Fuero del Trabajok gizarte eta lan politikaren oinarriak finkatu zituen, eta frankismo osoan zehar indarrean egon zen funtsezko legeetako bat izan zen. «Emakume ezkondua tailerretik eta fabrikatik askatzea» aldarrikatzen zuen, eta emakumeek ezkondu ondoren lana utzi behar zutela zehazten zuten klausulak sartu ziren, «emaztearen eta amaren funtzio naturalera» itzultzeko.
Ezkontza funtsezko helburua zen diskurtso ofizialak defendatzen zuen emakumearen arketipoarentzat, eta legediak gizonen autoritatea finkatu zuen eta eragotzi egin zien ezkondutako emakumeei emantzipaziorako ateak ireki zitzakeen edozein motatako independentzia ekonomikoa.

Behar ekonomikoa
Hala ere, errealitatea oso bestelakoa zen gerraostean, eta asko izan ziren familiaren diru sarrerak handitzeko ordaindutako jardueraren bat egitea beste erremediorik izan ez zutenak. Hori saihetsezina zela ikusirik, falangistek feminitatera egokitutako «lanbide» multzo batera mugatu zuten emakumeen lana, horien artean, haur hezkuntzarekin edo zerbitzuen sektorearekin lotutakoak.
Hala eta guztiz ere, emakumeen lan diskriminazioa nabaria izan zen, lanbide jakin batzuetan sartzeko aukera murriztua izan zelako, mailaz igotzeko aukera urria zutelako, eta soldata txikiagoa jaso zutelako lan berdinaren aurrean. Landa eremuan, esaterako, emakumeek familiaz arduratzeaz gain, nekazaritza eta abeltzaintza lan guztiak egiten jarraitzen zuten, baina lan hori egin arren, ez zuten horregatik kobratzen, senarrarentzako laguntza eta etxekoandrearen «beharrezko zeregina» bezala hartzen baitzen.
Emakumeen heriotza zibila
Hezkuntzan, lan munduan, familian eta gizartean orokorrean emakumeen mendekotasuna ezarri zuen pentsamendu frankistarekin batera, lege arkitektura oso bat eraiki zuen frankismoak emakumearen «adingabetasuna» bermatzeko.
Diktadura garaian ezarritako kode zibila adierazle argia da. Bertan, sistema patriarkal bat ezartzera bideratutako artikulu sorta zabal bat dago, non emakumeak gizonezkoen agintaritzari estuki lotuta geratuko liratekeen. Era berean, kode zibil frankistak xedatzen du senarrak emakumea babestu behar duela eta emakumeak senarrari obeditu.
Emakumeak ezkongabe egonez gero, aitaren babespean geratzen ziren 25 urte bete arte. Kodearen arabera, artikulu horren bidez «alaben begirune publikoa eta pertsonala» sustatzen zen. Aitzitik, ezkontzen baziren, senarra haien legezko ordezkari bihurtzen zen alor guztietan, eta ezinbestez heriotza zibilera kondenatzen zituzten.
Frankismoaren arabera, legeak ezkondutako emakumearen egoera berezia islatu behar zuen: «Ezkontza bizitza zuzentzeko beharrarengatik dagoen boterea senarrari esleitu diote naturak, erlijioak eta historiak», aipatzen zuen legeak.
Horrela, lan kontratu bat sinatzeko, merkataritza jarduerak egiteko, aurrezki libreta bat erabiltzeko, epaiketa batean agertzeko, ondasunak kudeatzeko, herentziak onartu edo arbuiatzeko, pasaportea lortzeko edo etxe bat alokatzeko senarraren baimena behar zuten. Era berean, emakumeak ezkontzen zirenean senarraren bizilekura joatera behartuta zeuden, eta senarra atzerritarra bazen, Espainiako nazionalitateari uko egitera behartuta zeuden.





Deja un comentario