Athleticeko eta Realeko bi jokalari historikoek berdegunetik erreparatu zioten frankismo berantiarraren giro politikoari, eta handik egin zioten ekarpena Franco ondorengo aldiari; keinu askoren artean nabarmenena izan zen ikurrina zelairatzearena.
Ehun kilometroren aldea dago Bilboren eta Donostiaren artean; erdia, Arrasateren eta Zarautzen artean; metro eskaseko legez kanpoko bandera bat, Iribarren eta Kortabarriaren artean; eta hori ere ez Jose Angelen eta Inaxioren artean. «Ondo ikusten zaitut», batek; «bista ona duzu orduan», besteak. Apenas diren aste batzuk elkarrekin bazkaldu zutela, aspaldiko lagunak baitira Inaxio Kortabarria (Arrasate, Gipuzkoa, 1950) eta Jose Angel Iribar (Zarautz, Gipuzkoa, 1943), Realaren eta Athleticen historian ez dira edozein; Kortabarriak 442 partida jokatu zituen txuri-urdinez, eta Iribarrek, berriz, 614 partida zuri-gorriz —Athleticekin partida gehien jokatu duen jokalaria da—. Baina, nork bere koloreekin lortutako zenbaki ikusgarriez harago, bien patua elkarri lotuta dago ikurrin baten bueltan, euskal herritar askoren iruditerian. Amultsuki agurtu dute elkar. / Jon O. Urain / BERRIA
Gerraosteko umeak zarete biak.
Iribar: Kale baserriko semea naiz; Zarautz erdi-erdian jaio nintzen. Horrek ematen zizun aukera eguna ondo betetzeko; ikastetxea hurre, hondartza ere bai… Plazan gazte asko elkartzen ginen. Denera apuntatzen ginen: korura, mezetara…
Jose Angel, esan izan duzu aitak La Sallera eraman zintuela, zuzendariak euskarazko abestiak irakasten zituelako.
Iribar: Hori gertakari inportantea izan zen nire bizitzan. Oso gaztea nintzen oraindik: nire etxe aurrean zegoen eskola. Kurtsoa hasita zegoela, aitak hartu ninduen, eta salletarretara eraman. Ignacio Olabeagak zabaldu zuen. Aitak esan zion nahi zuela ni han sartzea. Aitak gerora kontatu zidan Olabeaga bota nahi zutela euskarazko kantak abesteagatik. Horrekin markatuta geratu nintzen.
Inaxio, nolakoa zen 1950eko hamarkadako Garagartza auzoa?
INAXIO KORTABARRIA: Txikitan eskolara joaten ginen; ez genekien erdaraz, eta maisuek ez zekiten euskaraz.
Eta nola moldatzen zineten?
KORTABARRIA: Ez dakit, baina ondo ez [barreak]. Oroimen oso ona daukat; oso aske bizi izan nintzen Garagartzan: mendian, erreka bazterretan. 8 urterekin jaitsi nintzen Arrasatera; euskaraz bakarrik nekien, eta kanpotar pila bat etorri ziren auzo batera joan ginen. Guztiz desberdina zen.
Inaxio, zure osaba batek hamabi urte egin zituen etxetik kanpo, Francoren argazki bati basokada bat ardo botatzeagatik.
KORTABARRIA: Hendaian egon zen. Jaiak ziren, zeozer edanda egongo ziren, eta txikito batekin zegoela, erretratuari esan zion: «Hik ere egarria izango duk ba». Bota zion ardoa; norbait salatu zen, eta beste aldera alde egin zuen.
Arrasaten eta Zarautzen, umetan nabari al zenuten Francoren erregimena?
IRIBAR: Nik lau arreba ditut, ni baino gazteagoak, eta andreek beste erregimen batean ikasten zuten; derrigorrez erdaraz. Seccion Femeninara bidaltzen zituzten, eta zailagoa zuten euskaraz egitea.
KORTABARRIA: Nik Arrasaten kristoren aldea sentitu nuen; batzuk Garagartzan dena euskaraz, eta Arrasaten hasi ginen erdaraz ikasten. Gogoratzen naiz aitak baserrira eraman zuela anaia, ni baino hiru urte gazteagoa, euskara ez galtzeko. Izugarria izan zen aldaketa. Giroa beste bat zen.
Hasi zineten futbolean; lehen aldiz, 1972ko maiatzeko derbi batean jokatu zenuten elkarren aurka. Orduan ezagutu zenuten elkar?
IRIBAR: Ezagutu, zein zen jakin, bai. Baina elkartzen eta bazkariak egiten hasi ginenean ezagutu genuen hobeto elkar.
Propaganda politikorako esparru ziren futbol zelaiak: EGIren aldeko pankartak, ikurrinak hegan…
IRIBAR: Horiek ez ditut oroitzen… Ikurrina ikusteko, Iparraldera joaten ginen. Han ikusten zen, eta ilusio horrekin joaten ginen: hemen ikusi ezin zen pelikularen bat ikusi, hemen debekatuta zeuden liburu batzuk erosi…
KORTABARRIA: Azkenean, bion bizitzaren konklusioa da herrikoak garela, herrian hazitakoak, herrian ikasitakoak, eta herrikoiak.
Venezuelan ikusi zenituen ikurrinak, Jose Angel, Espainiako selekzioarekin hara joan zinetenean…
IRIBAR: Torneo bat jokatzera joan ginen. Gogoratzen naiz, ailegatu ginenean, talde bat zegoela ikurrinekin gure zain. Bidaian gurekin etorri ziren bi lagun, ezagutzen ez genituenak; han jakin genuen poliziak zirela, ikurrina ikustean esan zutelako hegazkinean bueltan joango ginela ikurrin horiek gorde ezean. Hango Euskal Etxeko jendea zegoen ikurrinarekin: haietako bat, Iñaki Anasagasti.
Eurokopa irabazi berritan, Francok harrera egin zion Espainiako selekzioari. Eta, Jose Angel, bostekoa eman zenion.
IRIBAR: Galdetu zidan taldeko gazteena ote nintzen. 21 urte nituen. Informal joan ginen; beltzez joan behar genuen, eta nik ez nuen traje beltzik. Norbaiti eskua ematean, pixka bat ezagutzen duzu, ezta? Hura oso biguna zen…

1968tik aurrera giro politikoa berotu zen: Etxebarrietaren eta Pardinesen hilketak, Meliton Manzanasena, salbuespen egoera, atxiloketak… Nola bizi zenuten hori zelaian?
KORTABARRIA: Pentsatzen hasten zara, eta konturatzen zara kontraesan pila bat dauzkazula zure kontzientziaren eta Espainiakoa izatearen artean.
IRIBAR: Orduan hasi ginen gu ere pixka bat kezkatzen: euskal preso asko zeudela, apaizak kartzelara sartu zituztela… Burgosko Prozesuak oihartzun handia izan zuen, baina Txiki eta Otaegiren fusilamenduak mugitu ninduen ni neu gehien. Txiki auzokoa nuen. Horrek hainbesteko nazka eman zigun, erreakzio izugarria eragin zigun barruan.
Athleticek partida zuen biharamunean, eta xingola beltzarekin irten zineten.
IRIBAR: Granadara joan ginen jokatzera. Zinta beltz batekin atera ginen, eta, galdetzen zigutenean, zuzendaritzako batek esaten zuen jokalari baten heriotzaren urteurrenagatik zela. Baina oihartzunik handiena Aitor Agirrek eta Sergio Manzanerak izan zuten; kristoren zigorra jarri zieten [Agirre, sondikatarra, eta Manzanera, valentziarra, Santanderko Racingeko jokalariak zirela, xingola beltzarekin irten ziren zelaira. Atsedenaldian, Poliziak kenarazi zizkien, eta biharamunean polizia etxera joan behar izan zuten. 300.000 pezetako isuna jarri zieten bakoitzari, ordena publikoaren aurkako delitu batengatik. Eskuin muturraren aldetik heriotza mehatxuak jaso zituzten].

Aldageletan ere sumatzen zen kaleko giroa, beraz.
IRIBAR: Gero ia urteak aurrera joan ahala, jokalariak pankartaren batekin ateratzen ginen zelaira. Harrotu ginen pixka bat.
KORTABARRIA: Askotan, bai. Amnistia… Ikurrinarena abiapuntua izan zen, gero beste gauza batzuk egiteko.
IRIBAR: Ez zen erraza izan. Giroa oso arriskutsua zen Franco hil eta gero ere; errepresio handia zegoen. Baina ausartu ginen gauzak egitera. Urte haietan giroa oso gogorra zen.
Zer gerta zitekeen beldur zineten?
IRIBAR: Atotxan ikurrina atera genuenean… Ni atezaina naiz, eta denbora gehiago daukat pentsatzeko… Egin genuen, eta poz eztanda bat izan zen. Bero-bero geunden, baina, partida hasi zenean, pentsatzen hasten zara gero zer pasatuko den.
KORTABARRIA: Niri etxera deitu zidaten txorakeria batzuk esatera.
Poliziak? Edo anonimoren batek?
KORTABARRIA: Ez dakit.
Zuek atera duzue gaia: oraindik legez kanpokoa zela, Reala eta Athletic, zuek biok buru, ikurrinarekin atera zineten Atotxako zelaira, 1976ko abenduaren 5ean.
IRIBAR: Aurrena beraiek [Realekoek] antolatu zuten. Gogoratzen naiz autobusetik irtetean Inaxiok esan zidala: «Zurekin hitz egin nahi dugu». Han bertan proposatu zidaten, korridorean, Inaxiok, Salva Iriartek eta [Josean de la Hoz] Urangak. Esan zidaten: «Pentsatu dugu aukera ona dela gaur bi taldeak ikurrinarekin ateratzea; oso giro ona dago». Pentsatu nuen jokalariei galdetu behar niela. Joan nintzen aldagelara eta bildu nituen denak: «Proposamen hau daukagu». Esan nien niri oso momentu ona iruditzen zitzaidala egiteko, zelaian ere dena oso ondo prestatuta zegoela. Oso ikusgarria izan zen sarrera. Denek onartu zuten. Problema zen nola ateratzen genuen zelaira.
KORTABARRIA: Alde bietan zeuden grisak [Polizia]… Lehen, poltsa batzuetan eramaten zen ura, eta hantxe azpian sartuta irten ginen ikurrinarekin.
IRIBAR: Orduan bi ordezko zeuden bakarrik. Josean ez zegoen deialdian [hark egin zuen salto zelaira ikurrinarekin].
«Konturatzen zara zer garai ziren, zer zentzugabeko gauzak entzuten ziren. Gauza pila bat gertatzen ziren. Sentitzen nuen beharrezkoa zela zerbait egitea»INAXIO KORTABARRIARealeko jokalari ohia
Eta zelaira irteten ari zinetenean? Zer giro, zer erreakzio?
KORTABARRIA: Nik ikusi nuen jendea zoratzen zegoela.
IRIBAR: Segituan ikusi zen. Izugarrizko zalaparta. Oso polita izan zen.
KORTABARRIA: Jendea gurekin zegoen. Nik han sentitu nuen lotura bat: jendea, zaleak eta taldea.
IRIBAR: Bi taldeak batzeko ere oso ona izan zen hura.

Zuek ikurrina atera aurretik, Manuel Fragak esan zuen ikurrina ez zela legeztatuko bera bizi zen artean.
KORTABARRIA: Entzuten duzu orain, eta konturatzen zara zer garai ziren, zer zentzugabeko gauzak entzuten ziren. Gauza pila bat gertatzen ziren. Sentitzen nuen beharrezkoa zela zerbait egitea.
IRIBAR: Nik uste dut fabore bat egin geniela ikurrina legeztatu ahal izateko. Haiek pentsatuko zuten momentua zela.
Ikurrinarena ondo atera zen, hurrengo partidan amnistiaren aldeko pankartarekin atera zineten, Jose Angelen omenaldiko partidako dirua UZEIri hiztegi bat egiteko eman zitzaion…
IRIBAR: Omenaldia antolatu zutenean, esan zidaten aukera bat hori zela, eta horixe zen gehien gustatu zitzaidana: kiroletik kirolera. Realari esker: Reala doan etorri zen jokatzera, eta diru mordoa lortu zen. Horrekin egin zen Kirolkidea, kirolean euskaraz egiteko. Hori nabaritzen nuen aldagelan: jendeak euskaraz hitz egin nahi zuen, baina lau hitz zekizkiten. Jakiteko gosea zegoen. Asko ziren euskaltzaleak, jakin-mina zuten.
KORTABARRIA: Lotura zegoen jokalarien eta herriaren artean.
Euskal nortasuna adieraztea debekatuta zegoen garaian, euskal taldeak ziren nortasun hori adierazteko modu bat?
KORTABARRIA: Gogoan dut liga irabaztean jendea errepide bazterretara ateratzen zela; baserritarrak sega eskuan, negarrez… Jende hori ordezkatzea zen… ufa.
IRIBAR: Guk hori sentitu genuen finala irabazi eta gero [Espainiako Kopakoa, 1969an]. Pentsatu genuen buelta emango genuela Durangaldetik: Urkiolatik behera, baserriko jendea jaisten: helduak, andre eta gizon… gu harrituta. Kristorena izan zen.
Euskal selekzioa ere berriro jarri zenuten martxan. 1979ko abuztuak 16, euskal selekzioak 4, Irlandako ligako jokalarien multzo bat 1. Zer izan zen partida hura jokatzea zuentzat?
IRIBAR: Poz izugarria.
KORTABARRIA: San Mames bete-betea zegoen.
IRIBAR: Ilusio handia izan zen jokalari bezala hor egotea.

Gero selekzioak Atotxan jokatu zuen Bulgariaren aurka, 1979ko abenduaren 23an, eta Mendizorrotzan Hungariaren aurka 1980ko abuztuaren 3an.
KORTABARRIA: Gasteizen beherakada handia izan zen.
IRIBAR: Data oso txarra zen. Esaten genuen ez egiteko, ez zela ondo aterako, eta hala izan zen. Jokalariak sakabanatuta geunden, eta gaizki atera zen.
Zuek selekzioa berpiztu bai, baina gero zortzi urte egin zituen berriro jokatu gabe.
IRIBAR: Etenaldi bat egon zen. Gero federazioak eskaini zigun partidak antolatzeko, eta hobeto prestatu genuen. Gogoratzen naiz Bartzelonara joan ginela; Realeko txapeldun denak han zeuden: Periko [Alonso], Txiki [Begiristain], Bakero… Cruyff zegoen entrenatzaile, eta hartu gintuen. Elkarrizketa interesgarria izan zen: ezezkoan zegoen, baina, esan genionean irabazitako dirua harrobiko futbolera bideratuko zela, orduan baiezkoa eman zuen.
Beraz, entrenatzailearen oniritzia behar zenuten jokalariak euskal selekzioarekin joateko?
IRIBAR: Bai, eta Bartzelonan zeuden Realetik joandako asko, Athleticeko Alexanko… Oso ondo hartu gintuen Cruyffek.
Larunbatean euskal selekzioaren partida dago. Nola ikusten duzue etorkizuna?
IRIBAR: Ez dago lekurik egutegian. Garai hobeak egon dira. Hasieran, zelaia betetzen genuen, eta kristoren giroa zegoen.
KORTABARRIA: Orain dena hartuta dago. Guk zenbat partida jokatuko genituen urtean? Ligako 30 eta Kopako lauzpabost?
IRIBAR: Gurea izugarrizko taldea zen, eta, normalean, noiz egin bilatzen genuen, eta orduan jokalari onak zetozen. Gero, egutegia zaildu egin zen. Ni behintzat banoa partidara. Federazioko presidente berria zoriondu nuen partida hau lortzeagatik; ondo pentsatuta dago. Palestinarekiko gertutasuna izan dugu. Gezurra dirudi jokatu dezaketela, dauden bezala.
KORTABARRIA: Garai batean Euskadiko selekzioa ere berdin ibiliko zen, Hego Amerikan-eta, erbestean jokatzen. Orain merezi du, Euskal Herria ondo ordezkatzeko, Nafarroako banderarekin eta ikurrinarekin ateratzea.





Deja un comentario