Nikole Ziarrusta
Donostiako alkate berriak segurtasunaz duen ikuskera ez da ausazkoa, “Diario Vasco”-k honi egindako elkarrizketari eskaini dion izenburua ez den bezala. Udalburu jeltzaleak «delinkuenteak» kartzelatu edo kanporatu behar direla azpimarratu du, eta komunitate honetan elkarbizitzan bizi nahi ez dutenek horren ondorioak jakin behar dituztela. Noski, migranteei buruz ari da. Baieztapenaren eta tonuaren krudelkeria baino gehiago, kezkagarriena diskurtso eta askotariko astintze dinamika arrazisten zabalpen posiblea da.
Donostiako Afari Solidarioen aurkako kontzentrazioak PP eta Voxeko kideen presentziaz edo Cintruenigon Frente Obrero eta Voxek bultzatutako elkarretaratzea ditugu azken urteko adibide entzutetsuak. Baina ultraeskuineko taldeetako pertsonaiarik gabekoak ere asko dira tamalez. Trapagako milaka pertsonen manifestazioa edota aste honetan nire bailarako Lemoako herrian deitu den kontzentrazioari erreparatzea garrantzitsua da.
Arrazakeria hedatzea, segurtasunaren aitzakiapean; hori gertatzen ari da. Eta arduradunak seinalatu behar direla uste dut, urteetan zehar aplikatutako politika antimigratorio eta neoliberalek ekarri baikaituzte honaino.
Betebehar eta eskubide berak baldin baditugu, hemen ezin da –Donostiako alkate berriak iradoki duenaren kontrara– inor kanporatu. Ezin dira gorputz batzuk jazarri edo diskriminatu azal kolore bat izateagatik, eta ezin da biolentzia eta delinkuentzia talde sozial batzuekin etengabe lotu. Behin eta berriz errepikatu behar da: hori guztia arrazakeria da.
Euskal Herrian lan eta bizi den oro da euskal herritarra; hori argi izanda, errealitateari eta gertatzen ari denari erantzun egin behar zaio. Segurtasunaren izenean mozorrotutako mobilizazioei aurre egin eta arrazakeriak tokirik izan ez dezan kulturarteko proiektuak bultzatu, eta, noski, benetan delinkuentzia arazoak baldin badaude, esku hartzeak egin eta konponbideak bilatu. Baina inoiz ez komunitate osoak errudun bilakatuz. Inoiz ez arrazakeriaren eta faxismoaren diskurtsoa erosiz.





Deja un comentario