Jakitoki auzoko janaritegi komunitarioak hainbat elkarterekin elkarlanean (Peña Armonia Txantreana, Kaskallueta elkartea, Akelarre Kultur Elkartea, Euskaldunon Biltoki, Malattesta eta Baigorri tabernak) Txantreako arrozak dinamika antifaxista esta solidarioa antolatu du urriaren 12an Txantreako Ezkaba plazan. Dinamika honen baitan, bi hilean behin auzoko elkarte ezberdinetan topaguneak antolatuko dituzte, munduko latitude ezberdinetako auzokideak elkartuz.

Jaki Tokitik azaldu dutenez, «ideia erreakzionario eta ultraeskuindarren gorakadaren aurrean, Txantrean komunitate antolatua, anitza, borrokalaria eta guztiz antifaxista dagoela aldarrikatu nahi dugu, eta ez dugula faxismoa gure auzotik zabaltzen utziko. Horretarako, uste dugu garrantzitsua dela urrats bat aurrera egitea eta auzoko komunitateen artean zubiak eraikitzea, elkar ezagutzeko espazioak sortuz, konplizitate, sinergia eta aliantza berriak sortzeko «.

Norabide horretan ekarpenak egiteko «Txantreako Arrozak dinamika jarri dugu martxan. Dinamika horrek auzoko gizarte guztiak zeharkatuko ditu txandaka eta modu iraunkorrean bi hilean behin, eta topaguneak sortuko ditu munduko hainbat latitudeetako bizilagunen artean. Proposamen honekin banatzen gaituzten harresiak apurtu nahi ditugu, gure arazoei kolektiboki aurre egiteko elkartu eta, azken finean, auzolanetik Txantrea solidario, antolatu eta borrokalaria eraikitzen jarraitu «.

Proposamenez betetako programa

Igande honetan, urriaren 12an, hasiera emango diote proposamenez beteriko programari. «Goizean zehar dantzez, boliviar eta ekuadortar dantzez eta kalejira aldarrikatzaileaz gozatzeko aukera izango dugu, auzoko erraldoien konpartsaren parte-hartzearekin, besteak beste. Eguna amaitzeko, Pantxika Lamur auzotarraren argazki handi bat ikusiko dugu, munduko arrozak dastatu aurretik. Ekitaldiak DJ Kabiaren musika izango du lagun «.

«Auzo osoa gonbidatzen dugu hilaren 12ko festan eta elkarteetako hurrengo hitzorduetan parte hartzera. Pauso bat aurrera emateko unea da. Gorroto- eta beldur-diskurtsoen aurrean, zatiketaren aurkako keinu bakoitza erresistentzia-ekintza bat da «.

Deja un comentario

Tendencias