Joseba Álvarez Forcada @JosebaAlvarez *

Munduko beste toki askotan bezala, Europar Batasunean ikusten ari garen politikagintzaren muturreko eskuineratze prozesu etengabeak faxismoaren itzulera iragartzen al du? Euskal Herrian ere gero eta gehiago ematen diren gertakari xenofobo, arrazista, matxista, antieuskaldunak faxismoaren berrindartzearen isla al dira? Hori da geure buruari egin behar diogun galdera.
Batzuek, ustezko zorroztasun historikoaren izenean, gertakari horiei guztiei ez die «faxismoa» deitu nahi eta mila kontzeptu erabiltzen dituzte jendartearen muturreko eskuineratze prozesua izendatzeko: «eskuin muturra», «ultra eskuina», «eskuin neofaxista»… Jokabide horrek jendartearen baitan ematen ari den prozesuaren benetako larritasuna lausotu baino ez du egiten eta gaurko faxismo berriak duen konfigurazio politiko zabala, anitza eta soziala izkutatu. Gaurko faxismoak mila aurpegi ditu.
Eta Euskal Herrian, oraindik ahula izanik ere, bere sustraiak botatzen ari den faxismo berri horren seinaleak ikusten ari gara egunero. Hemen ere gero eta gehiago dira mugimendu horren ongarria diren klase politikoan eta politikangintza klasikoan sinisten ez duten sektoree sozial kolpatuak. Euskal Herrian ere oraindik bat egin ez badute ere, sektore horiek guztiak ez dute betiko indar politikoetan oinarrituriko demokrazian sinesten, besteak beste, egungo zentro eskuinak eta ezker reformistak zein sozialdemokratak, ez baitizkie bizi dituzten benetako arazoei irtenbiderik eman.
Eta, gainera, garrantzitsuena dena, egun Euskal Herrian ezkerreko alternatiba iraultzaile sinesgarririk ez baitago oraingoz. Arrisku gorrian gaude, beraz, eta mugitzen ez bagara, zezenak harrapatuko gaitu.
Europar Batasunean eskuin muturra da krisialdi kapitalistak gogor kolpatutako sektore sozial kaltetuak bereganatzea lortu duen bakarra. Hor kokatzen dira mota guztietako populismoak.
Beraiek dira hauteskundeetan ere indartzen ari diren bakarrak. Egia da ez dutela gaur gaurko alternatiba faxista antolaturik aurkeztu, baina bere bidea egiten ari dira. Agenda politikoan beraien gaiak nagusi bihurtu dituzte: migrazioa, segurtasuna, identitatea, erligioa, aniztasuna, ahotsik gabekoen ahotsa…
Horrek guztiak lur azpitik indartzen doan prozesu faxista elikatu baino ez du egiten. Eskuin muturrak gero eta gehiago markatzen du jendartearen agenda politikoa, ekonomikoa, kulturala, elektorala eta baita soziala ere. Europar Batasunean, eta goizago ala beranduago Euskal Herrian ere, eskuinaren, eskuin muturraren, ultren eta mugimendu faxistaren bereizketa gero eta lausoago izango da. EITBn, Ertzaintzan eta gure futbol zelaietan, adibidez, ikur faxistekiko tolerantzia gero eta handiagoa da dagoeneko. Pintaketa eta eraso faxistak ere, gero eta ugariagoak dira,
normalizatzen ari dira. Vox bezalako indar politikoek ere Hego Euskal Herri osoan babes juridiko, politiko eta polizial osoa dute.
Bi hitzetan esanda, egun indartzen ari den kultura eta ideologia, mugimendu faxistaren zutabeen inguruan artikulatzen ari da Europar Batasuna osoan eta, polikiago bada ere, baita Euskal Herrian ere. Egunero ikusten ari garena ez da mugimendu faxistaren eta bere agendaren ahultzea, guztiz
kontrakoa baizik.
Horregatik guztiarengatik bi dira eman beharreko urratsak. Lehena, mugimendu antifaxista indartzea. Eta, bigarrena, krisialdiak kolpatutako sektore guztiak bilduko dituen benetako alternatiba soziala, ekonomikoa, politikoa eta kulturala emango dien ezker iraultzaile eta antikapitalista zabala egituratzea. Libre Bizi nahi dugu.





Deja un comentario